Sasoi, Elhuyar eta EuskarAbentura saritu ditue Bai Euskarari Sarietan
2022-06-24 09:31 Euskerea berbagaiAlor sozioekonomikoan euskerea bultzatzeko egiten daben lanaren autortzea da.
Bai Euskarari Alkarteak, izen bereko ziurtagiriak banatzen dituan erakundeak, hiru entidade eta ekimen saritu ditu Donostian egindako ekitaldian: Sasoi eraikuntzak, Elhuyar Fundazinoa eta EuskarAbentura. Demode Quartet taldearen doinuek girotutako saioan, Bai Euskarari Sariak jaso ditue, arlo soziekonomikoan eta bakotxak bere neurrian, euskerea erabili eta zabaltzeko egindako ahaleginagaitik.
Egiten eta eragiten dugulako gara da aurtengo Bai Euskarari Sarien ekitaldirako aukeratu daben leloa. Rober Gutiérrez Bai Euskarri Alkarteko zuzendariak aitatu dauenez, Bai Euskarari Ziurtagiriagaz hasi eben bidea eta alor sozioekonomikoaren espazioak euskeraz beteteko eta eragiteko helburuz jardun dogu urteotan, komunidadea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu barritzaileak eregiz.
Bai Euskarari ziurtagiriak emoten hasi ziranetik 22 urtera, oraindino behar-beharrezkoa da eragile, enpresa, erakunde eta norbanakoen arteko lankidetzea, Gutiérrezen arabera. Erronkei aurre egiteko salto barriak behar doguz, pentsetako, lankidetzak bideratzeko, egiteko eta eragiteko molde ausartagoak. Horretan ekarpen baliotsua egin dabe aurtengo hiru sarituek.
Sasoi eraikuntzak enpreseak 2011n eskuratu eban Bai Euskarari ziurtagiria, Bidean mailan, eta pausoz pauso joan dira Zerbitzua euskaraz mailaraino. Langileen arteko hartu-emonak eta bezeroakaz dituenak geroz eta euskaldunagoak dira eta horrek bultzatu ditu pausoak egitera. Konfiantzea eta hurrekotasuna emon deutse jarrera horrek.
Bestetik, euskerea eta zientzia buztartzeko sortu zan Elhuyar orain dala 50 urte eta harrezkero bide oparoa egin dau. Erreferentzialtasuna lortu dau zientzia arloan eta beste hainbat proiektutan sartuta dago. Erabateko eraldaketa sasoi honetan, batez be euskereak sekulako erronkea dau. Ezagutzearen bidean gizarteari ekarpena egiten dabil Elhuyar, egiten eta eragiten.
Azkenik, EuskarAbenturak Euskal Herria oinez eta euskeraz zeharkatuko dau garagarrilean. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urteko gazte euskaldunek parte hartzen dabe, eta euskeraz bizi leitekela ikusten dabe. Gazteen artean euskerearen erabilerea areagotzeko aisialdian eragitea ezinbestekoa da eta EuskarAbenturak zuzen-zuzenean eragiten dau hor.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!