'Xe' lemapean egingo da 2023ko Ibilaldia Ondarroan

Bizkaie! 2022-06-23 13:47   Euskerea berbagai

Jaia bertako hizkereagaz busti eta euskereagaz olgau nahi dabe Zubi Zahar Ikastolakoek.

Euskaltzaindiaren egoitzan emon dabe 2023ko Ibilaldiaren barri | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 30ean Ibilaldi jentetsua egin eta gero, Abusu Ikastoleak lekukoa pasau deutso Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastoleari, honeek izango dabelako 2023ko Ibilaldia antolatzeko ardurea. Ohiko moduan, maiatzean jarri dabe hitzordua, hil horren 21ean hain zuzen, eta leloa be pentsauta dabe: Xe. Berez, ez dauka esangurarik, baina Ondarroako hizkeran berba asko amaitzeko modua da, tartean Ibilaldixe.

Hortaz, Bizkaiko Ikastolen jaia hango euskerearen doinuaz bustiteko eta euskereagaz olgetako deia da Xe leloa. Ibilaldia geurera ekarri nahi izan dogu, geure gustuz busti, azaldu dabe Zubi Zaharrekoek. Euskerea berea dauen herri bat agertu nahi dogu, ibili dabilen hizkuntza bat, bizia, oroldirik bako harria lez.

Aurretik, beste bi bidar egin dabe Ibilaldia Ondarroan, 1993an eta 2011n. Zubi Zahar Ikastolea, baina, askoz lehenagokoa da, 1967an hasi zan martxan, guraso batzuek sortutako kooperatiba lez, euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko asmoz. Gaur egun, 0-16 urteen arteko ikasleak ditue.

2023ko Ibilaldiaren bidez, helburu ugari bete nahi ditue Bizkaiko Ikastolek, eta Ondarroakoak zehatzago. Batetik, ikastolea herrira zabaldu nahi dabe, Ondarroako eragile eta taldeakaz hartu-emonak indartuta. Bestetik, hezkuntza komunidadearen atxikimendua be sendotzea espero dabe eta, danen artean eredua emonda, ikasleei auzolanaren balioa erakustea. Azkenik, baliabide ekonomikoak eskuratu nahi ditue, ikastolea behar pedagogiko barrietara egokitzeko.

Azken urteetako bidean sakonduta, 2023ko Ibilaldian sexu eta genero rolak gainditzeko, ingurumena jagoteko, parte-hartzea bultzatzeko eta danentzako moduko jaia antolatzeko ahalegina egingo dabe. Jakina, euskerearen sustapena eta erabilerea be jagongo dabe.

Ia urtebete falta da, beraz, 2023ko Ibilaldirako. Edozelan be, Bilbon egindako lehenengo aurkezpen edo aurrerapenean, ospakizuna urte osora zabaltzeko asmoa agertu dabe Zubi Zahar Ikastolakoek. Hortaz, hurrengo hileotan jarduera ugari egingo ditue, egun bakarreko jaia urte osoko proiektu bihurtzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu