Juan San Martinen ekina gogoratu dabe Eibarren

Bizkaie! 2022-06-23 08:49   Euskerea berbagai

Orain dala ehun urte jaio zan euskaltzale eta kulturgilea.

Euskaltzainak eta Udaleko ordezkariak, Juan San Martinen omenaldian (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egunotan Juan San Martin jaio zala ehun urte bete diranez, Eibarko Udalak haren ekarpena gogoratzeko ekitaldiak egin ditu. Besteak beste, Euskaltzaindia konbidau dau herrira, bagileko Osoko Bilkura udaletxean egin deian. Hartara, Andres Urrutia buru, euskaltzainak Eibarren alkartu dira, San Martini autortzea egin eta haren lan zabala gogoratzeko.

Osoko Bilkurearen ostean, Juan San Martinen ekarpena zehaztasun handiz azaldu dabe Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetari eta ohorezko euskaltzainak eta Jabier Kaltzakorta ikerlari, irakasle eta euskaltzain osoak. Behargin nekaezina izan zala aitatu dabe.

Kazetari gazte askoren informazino iturri zan San Martin, internetik ez egoan sasoian, Amatiñok gogora ekarri dauenez. Bestetik, Kaltzakortak haren liburu bi aztertu ditu, Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965). Herri-ipuinen kontakizun laburren bildumak dira, Eibar eta Plaentxia inguruan ahoz kontetan ziren ipuin barregarriak, Eibarko euskeraz idatzi eta argitaratutakoak, zehaztu dau euskaltzainak, eta herri-umore eta euskara biziaren altxor apartak dirala ganeratu.

Berbaldien ondoren, Juan San Martinen omenezko plakea aurkeztu dabe Eibarko Udal Liburutegian. Hain zuzen be, San Martinen izena dau eraikinak. Uxue Alberdik bertsotan laburtu dau euskaltzale eta kulturgile eibartarraren ekarpen oparoa.

Juan San Martin 1958an egin eben euskaltzain urgazle, eta 1964an, oso. Akademiaren idazkari eta euskaltzainburuorde ibili zan luzaroan. Euskera batuaren sorreran parte hartu eban, lehenik eta behin, Ermuko Zina dalako dokumentua bultzatu eta sinatuta, hizkuntzearen batasuna eskatu eta herri-hizkeren garrantziaz ohartarazoteko; ondoren, 1968ko Arantzazuko Batzar ezagunean, euskera batuaren alde eginez.

Euskeraz idatzi eban San Martinek, eta hizkuntzea jagotearen aldeko apustua egin, baita sasoirik gatxenetan be. Eibarko kulturgintzea be bultzatu eban: Klub Deportiboan Kultura atala sortu, 1962ko Gipuzkoako Bertso Txapelketearen finalaurrekoa antolatu... Egan aldizkaria eta Idazleen Alkartea be haren ekimenez agertu ziran. 1989an, EAEko lehenengo Arartekoa izan zan, eta Europako arartekoen buru be izentau eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu