Bertsolari Txapelketa Nagusiak 14 saio izango ditu
2022-06-22 12:16 BertsolaritzeaBihar, eguena, ipiniko ditue sarrerak salgai.
Lau urterik behin egiten da Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina oraingoan bost urte itxaron behar izan ditue zaleek, pandemiak eragindako atzerapenen erruz. Azkenik, 2022ko edizinoa prest dauka Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta detaile guztiak emon ditue bertako ordezkariek, Bilbon egindako agerraldian.
Pandemiaren eraginez, orain dala urte bi, bertso plazea geldirik egon zala azaldu dau Alkarteko lehendakaritza taldeko kide Gontzal Agotek, urte gorabeheratsuak eta gororrak bizi zan doguz bertsogintzan eta kulturan. Zorionez, bertso plazea bere onera etorten hasi dala eta horri esker Txapelketa Nagusia atontzeko moduan dagozala ganeratu dau.
Era honetako txapelketa bat antolatzeko ezinbestekoa da bertso plazea martxan egotea, alkarren osogarri dira txapelketak eta plazak, dino Agotek. Pandemiak eragindako zulo baltzetik urteteko, bertsolaritzeak irudimena eta dinamismoa erakutsi dituala uste dau, eta txapelketea ohiko baldintzetan egin ahal izango da, urtebeteko atzerapenez bada be.
Hiru fasetan banatuta, 14 saio izango ditu Txapelketa Nagusiak, irailaren 24an Getxon hasi eta abenduaren 18an Iruñean amaituta. Bertsolaritzea bizirik dago euskerearen lurralde osoan, adierazo dau Bertsozale Alkarteko koordinatzaile Idoia Trenorrek, eta saiorik saioko ibilbidea horren erakusgarri izango da. Euskal Herriko zazpi lurraldeetara helduko da, eta finala lehenengoz jokatuko da Iruñean.
Saio bakotxa non egin erabagiteko, lekuan lekuko bertso-ekosistemeari eta sareei begiratu deutsela dino Trenorrek. Txapelketea txikitik eta egunero egiten dan lanaren ondorioa da. Getxoko Muxikebarrin izango da lehenengo hitzordua, eta final laurenetan beste bost saio be badagoz, Arrasaten, Gotaine-Iribarnen, Gasteizen, Donostian eta Lizarran.
Finalaurrekoetan fase bi egongo dira, zazpi saio guztira: Elizondo, Donibane Garazi, Irun, Durango, Amurrio, Baiona eta Bilbo. Bizkaiko uriburuko frontoian, azken finalaurrekoan, 3.000 lagun baino gehiago joatea da aurreikuspena. Finala Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da, eta 13.000 bertsozale inguru espero ditue harmailetan.
Parte-hartzaileei jagokenez, 42 izango dira guztira, tartean 15 emakume. Horreetatik 36, lehenengo fasean hasiko dira kantuan, eta 19 pasauko dira finalaurrekoetara. Hor, aurretik finalista izandako beste bost batuko jakez. Zazpi onenak pasauko dira, eta Maialen Lujanbio txapeldunagaz batera kantauko dabe Iruñeko finalean.
Hutsune batzuk be badakarz aurtengo edizinoak. Finalista izateagaitik finalaurrekoetan sartzeko eskubidea izan dabe Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak, baina uko egin deutse. Final laurenetako lekuari uko egin deutsenak Beñat Lizaso, Etxahun Lekue, Jokin Uranga, Jon Maia eta Odei Barroso izan dira. Batzuk badoaz, baina aurten hamabost parte-hartzaile barri egongo dirala be ezin da ahaztu.
Udagoienean Euskal Herri osoa bertsoz jantziko dau Txapelketa Nagusiak, beraz, baina zaleek orain dabe mobitzen hasteko momentua. Izan be, bihar, hilak 23, hasiko dira saio guztietako sarrerak saltzen, Bertso Sarrerak webgunean, baita finalekoak be. Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, eskabidea bagilaren 30a orduko egin ezkero, alkarteko bazkideek ziurtatuta izango dabe finalerako sarrera bana.
Txapelketearen inguruko datu eta argibide guztiak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!