Izaro, Eñaut Elorrieta eta Idoia, Gernikako Haziberri jaialdian
2022-06-22 08:37 MusikeaIgaz lehen edizinoa egin eben, eta barriro egitea pentsau dabe, garagarrilaren 12an.
Pandemiagaitik neurri eta arau zorrotzak bete behar ziranez, Gernikan aire zabaleko musika-jaialdi bat egiteko asmoa agertu zan igazko udan, eta halan sortu zan Haziberri festibala. Gatibu eta Maren egon ziran kartelean. Kontua da ze, ekimen haregaz pozik geratu zirala antolatzaileak, eta barriro egingo dabe.
II. Haziberri garagarrilaren 12an izango da, igazko leku berean: Gernikako Europako Herrien Parkean. Kartelean, gaur egungo euskal musikearen hiru ordezkari ezagun: Izaro Andres, Eñaut Elorrieta eta Idoia Asurmendi. Izarok formatu akustikoan egingo dau saioa. Hiru izen, hiru talde, hiru sortzaile euren ibilbide artistikoko momentu oso ezbardinetan, adierazo dabe jaialdiaren bultzatzaileek.
Zehaztu dabenez, ikus-entzuleen kopurua mugatuko dabe eta publikoa jesarrita egongo da. Parkeko ondarea babesteko, birziklatutako materialak erabili eta bertoko produktuakaz egindako jateko zein edatekoak salduko ditue.
Kultur ikuskizunak antolatzeko modu jasangarri eta barritzaileen bila dabilen lagun talde bat dago ekimen honen atzean, eurek azaldu dabenez. Kalidadezko ikuskizunak sortu nahi doguz, detaile guztietan arretea jarriz, argiztapenetik personak jagotera. Era honetako jaialdietan sortzen dan aztarna ekologikoa gitxitu nahian, hainbat neurri eta idea erabilten doguz, esate baterako, artilezko jesarlekuak, hondakinak gitxitzea...
Bizkaiko Foru Aldundia eta Gernika-Lumoko Udala dagoz festibalaren babesleen artean. Aurkezpenean izan dira erakundeotako ordezkariak, Lorea Bilbao Kultura diputadua buru, eta baita ekimenari bultzadea emoten deutsen beste babesle publiko zein pribadu txikiagoetako kideak be. Eñaut Elorrietak pieza batzuk kantau ditu, garagarrilaren 12koaren aurrerapen lez.
Igazko esperientzia eta magia barriro Europako Herrien Parkera eroateko gogoa agertu dabe jaialdiaren bultzatzaileek: Guretzat erronka berezia izan zan eta ahalegin haretatik jasotako emoitzak politak izan ziran, iluntze magiko bat, aparteko musika ikuskizuna Maren eta Gatibugaz, publikoaren berotasuna eta antolatzeko modu barriak aztertu eta martxan jarri genduzan.
Aurtengo ekitaldiko sarrerak salgai dagoz, 25 euroan, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!