Fatmata Binta saritu dau Basque Culinary Center-ek
2022-06-22 08:07 Jan edanakAfrikako herrien gastronomia zabaltzeko egin dauen lanagaitik egin deutse autortzea.
Donostiako Basque Culinary Center-ek bere saririk garrantzitsuena emon deutso Fatmata Binta sukaldari eta ekintzaile afrikarrari, 2022ko Basque Culinary World Prize dalakoa hain zuzen. Bere herriaren gastronomia tradizionala bultzatu eta zabaltzeagaitik, munduan erreferente bihurtu da Binta sukaldari gaztea, eta horregaitik egin deutsie autortzea, BCCn bertan egindako ekitaldian.
Sierra Leonan jaioa, fulani etniakoa da Fatmata Binta, eta gaur egun Chef Binta ezizenez ezagutzen dabe askok. Dine on a mat ekimenaren bitartez, fulaniek jatekoagaz daben loturea, ohiturak, zaporeak eta moduak konpartiduten ditu, hezkuntzan praktika iraunkorretan oinarrituta.
Bestalde, fonioa eta bestelako osogai tradizionalak landa-komunidadeentzako diru-iturri bihurtzeko fundazinoa sustatzen hasi da, emakumeek egiten daben lana aintzat hartuz. Era berean, Ghanako 300 familia inguruk fundazino horren laguntzinoa dabe elikadura beharrak beteteko.
Gastronomiaz harago, fulani herriko emakume eta neskei hezkuntzarako eta ahalduntzerako bitartekoak emoten lan egiten dau Fatmata Bintak. Laster, fundazinoaren bidez, zentro bat sortuko dau, emakumeen babesleku izan dadin eta inguruko produktuak landu, ontziratu eta inportetako sistemearen egoitzea izan daiten. Era horretara, etorkizuneko aukerak emongo jakez emakumeei eta komunidade osoak be onurea izango dau.
Gastronomiaren indar eraldatzailea agirian ixten dau Bintaren lanak, BCCren ustez. 2022ko Basque Culinary World Prize sariaren bidez, gastronomia arlo askotako aurrerapenen bultzatzaile dala aldarrikatu dabe, adibidez, gizarte integrazino eta barrikuntzan, jasangarrintasunean eta hezkuntzan.
Gastronomia nomada tradizionala eta jokera garaikideak buztartzen eredu da Binta. Esker onez hartu dau saria, eta zera adierazo: fula komunidadea artzainak baino gehiago dira, ezin geinke ukatu emakumeen ahalmena. Gaia elikagaien segurtasuna, ekonomiaren indarbarritzea edo pakea izan, emakumeen parte-hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da orain. Ohore hau, niretzat ez eze, ahaldunduko diran emakume guztientzat be bada.
Fatmata Bandiri sari nagusia emoteaz gan, aitamen berezi bi izan ditu aurtengo edizinoak: Douglas McMaster britainiarrari, sormena erabilteagaitik zero zabor filosofia sustatzeko; eta Edson Leite brasildarrari, São Pauloko gazteak sukaldaritzan trebatzeko programeagaitik.
Egungo beharrakaz bat egin nahi daben profesional eraldatzaileen alde egiten jarraitzen dogu, adierazo dau Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak. Horren adibide dira Fatmata Binta, Douglas McMaster eta Edson Leite, euren bokazino ekintzailea, ezagutzea eta sormena aprobetxau ditue hainbat proiekturen bidez gizarteratzean, jasangarritasunean eta hezkuntza gastronomikoan eragiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!