Andrazko baserritarrak omenduko ditue Gernikan eskultura bategaz

Bizkaie! 2022-06-21 13:27   Pil-pilean

Azokako sarreran egongo da eta urrian inaugurauko dabe.

Salerosketan Gernikako plazan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eskualdeko baserritarrak astelehenero joaten dira Gernikara euren produktuak saltzen eta egiten daben lanari autortzea egiteko asmoa dau Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen be, andrazko baserritarren omenezko eskulturea ipiniko dau.

Jose Mari Gorroño alkateak adierazo dauenez, orain arteko zor ordaindu bakoa pagetako modua da eskultura hau. Baserrietan antxina-antxinatik sortzen dan kalidadezko generoaz horniduten gaitue. Azokako eremuaren sarreran ipiniko dabe obra barria, Edu Gordok 1991n egindako Astelehena jai izeneko eskulturearen albo-alboan.

Andrazko baserritarra izena izango dauen eskultura barria brontzezkoa izango da, metro bi ingurukoa. Astelehenetako plazan mostradorean dagoan edozein emakumeri buruz dogun irudia agertuko dauela aurreratu dau Gorordo alkateak. Salmenta-postu baten aurrean erakutsiko da, ortuari eta fruta zaku eta otzarakaz, balantza eta deskantsurako aulki eta guzti.

Urriaren erdialderako eskulturea bere lekuan egotea espero dau Gorroñok. Era horretara, Urriko Azken Asteleheneko azoka handirako prest izango da, bisitari guztiek ikusteko moduan. Gernika-Lumoko Udalak 89.540 euroko inbersinoa egingo dau proiektu honetan.

Uriari ekarpen baliotsuak egin deutsezen beste persona askoren omenezko eskulturak be badagozala gogoratu dau Udalak. Igaz bertan inaugurau eben, esate baterako, gudarien omenezkoa, Pasealeku plazan. Jose de Labauria alkate zanak, George L. Steer kazetariak, Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariak eta Iparragirre kantariak be eskulturak ditue urian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu