Uria astintzeko prest dator Bilbao BBK Live

Bizkaie! 2022-06-21 12:41   Musikea

Egitarauan ehun artista baino gehiago dagoz.

Pandemiak eragindako murrizketa eta etenen ostean, Bilbao BBK Live jaialdia barriro prest dago Kobetamendi eta Bilboko beste leku ugari hankaz gora jarteko, musikaririk onenen eskutik. Ehun artista baino gehiago dakarzan egitarauaz agertoki nagusietan zein gune berezietan gozau ahal izango da, garagarrilaren 7tik 9ra.

Detaile eta barritasun guztiak aurkezteko eguna izan da gaur Bilboko udaletxean. Agerraldian izan dira Xabier Ochandiano zinegotzia eta Alfonso Santiago Last Tour enpresako ordezkaria. Pandemiaren osteko edizino hau, 15.a, sekula baino indar gehiagogaz ospatzeko asmoa dabela azaldu dabe.

Hiru egunez bertoko zein kanpoko musikazaleen gosea asetzeko, hamabi agertoki ipiniko ditue. Zazpi, Kobetamendin bertan egongo dira, beste bat Arraitz mendiko kanpinean eta lau Bilboko urigunean. Karteleko bandarik entzutetsuenek Nagusia izeneko oholtzan joko dabe: LCD Soundsystem, The Killers, J Balvin, Rigoberta Bandini, Pet Shop Boys, Nogen...

Kobetamendiko agertoki batzuek eskaintza zehatza eta berezitua izango dabe, zale jakin batzuk gogoan. Esate baterako, Basoa gunea elektronikearen erreferente izango da eta Lasai izenekoan doinu trankilen bila doazanak batuko dira.

Kanpineko oholtzeari Akelarre izena ipini deutse, baina aurrerago emongo dabe bertako kontzertuen barri. Lo egiteko lekuez eta zerbitzuez gan, jateko lekuak, merchandising postuak, artisau eta diseinatzaileen azokea eta beste hainbat izango ditue zaleek eskura, naturaz inguratutako txoko ederrean.

Urian bertan be, kale artean, Bilbao BBK Live-ren eskaintzeaz gozetako modua egongo da. Aurten lau agertoki ipiniko ditue erdigunean. Era berean, Bilboko bestelako erakargarritasun kulturalez gozau ahal izango dabe musikazaleek, izan be, jaialdiaren eskumuturrekoak deskontuak eta bestelako abantailak emongo ditu hainbat museo, saltoki eta kultur gunetan.

Gune bakotxeko kontzertuak eta ordutegiak hemen.

Festibalak milazak lagun batuko dituala kontuan izanda, antolatzaileek arreta handia jarri dabe ingurumenean, garraioetan, bardintasunean eta bestelako alor batzuetan. San Mamesetik eta BECetik autobusak ipiniko ditue Kobetamendira igoteko, 1,50 euroko prezioan. Aurten lehenengoz, modu esperimentalean, aurretik erreserbau ahal izango da lekua autobusetan.

Ingurunea jagoteko ardureari jagokonez, plastikoa murrizteko ahalegina egingo dabe aurten, edalontzi birziklagarrien, cashless ordainketen eta edukiontzi berezien bidez. Ganera, hornidurarako, inguruko produktoreen alde egin dau jaialdiak.

Horrezaz gan, BBK Live-k bat egingo dau Zierbena Sarea, Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak alkarteakaz, jai eremuan migratzaileentzako kanpindendak eta elikagaiak batzeko asmoz. Bertoko familia behartsuei be emongo jake laguntzinoa, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren dohaintzeari esker.

Eraso sexisten kontrako burrukan, mezu nagusia Ez beti da ez izango da. Halako erasoak prebeniduteko egitasmoak Aste Nagusian eragina izan dauela ikusi dabe, eta Bilbao BBK Live be leku seguru bihurtu nahi dabe emakumeentzat zein jaiaz gozau nahi daben guztientzat. Gidea argitaratu dabe, euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, eraso sexistak identifiketan lagundu eta halakoen aurrean zer egin erakusteko. LGTBI+ kolektiboak bardintasunez gozau deian be neurriak hartuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu