Irantzu Idoate: 'Gozagarria izan da Euskal Herriko 7 probintziak ordezkatuak izatea'

Koldo Isusi Zuazo 2022-06-27 07:55   Barriketan

Txapeldun, 34. Euskal Herriko Eskolartekoan.

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Eskolarteko Txapelketan finaleko seikotean sartu ziran Haize Lekuona, Irantzu Idoate, Aetz Etxart, Haira Aizpurua, Ibai Lekuona eta Aiantze Lannra.

Bagilaren 15ean, barriz, Euskal Herri osoko 180 bertsozale batu ziran Iurretan jokatutako 34. Euskal Herriko Eskolartekoan. Beñat Vidalek aurkeztu eban saioa eta Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Iparraldeko eskolartekoetan sailkatutako hamabi gazte ibili ziran bertsotan Idoia Anzorandia gai-jartzailearen esanetara: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Gipuzkoatik hango txapeldun June Aiestaran eta bigarren sailkatu Jon Mendiluze izan dira Iurretako finalean. Arabako ordezkariak Maddi Agirre irabazlea eta Danel Herrarte bigarrena dira, eta Nafarroakoak, barriz, Beñat Astiz txapelduna eta Eki Mateorena.

Iurretan, lehen zatia eginda, epaile lanetan ebizan Ainhoa Arregi, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Lur Renteria eta Maite Sukiak emondako puntuazinoaren arabera erabagi ziran bigarrenera pasauko ziran bertsolariak: Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Azkenik, Irantzu Idoatek irabazi dau 2022ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela eta Maddi Agirre izan da txapeldunorde. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantzi eutson txapela Irantzu Idoateri.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei jentaurrean kantetako plazea eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea dau helburu Eskolartekoak. Gainera, lekuan lekuko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako jarduerak be egiten dira bat-bateko txapelketaz gan, besteak beste, idatzizko txapelketea edota lehiarik bako topaketea.

 1.- Zorionak Irantzu 14 eta 18 urte arteko bertsolarientzako eskolartekoan eta Iurretan egin dozun lanagaitik. Bidean zer izan da onena? Momentu itogarririk sentidu dozu?

Milesker! Bidean onena eskolarteko finalean Euskal Herriko 7 probintziak ordezkatuak izatea izan da, eta gozagarria horreekaz kantetea finalean. Azken urteetan, ez baitzan Baxe Nafartarrik entzun bertsotan Euskal Herriko eskolarteko finalean. Eta momentu itogarririk aitatzeko, Ipar Euskal Herriko eskolarteko final aurreko egunak urduritasun handiagaz bizi izan nituan.

2.- Bertsotan non ikasi dozu? Ikasten edo zertan zabiz egun?

Bertsotan bertso eskolan hasi nintzan 8 urtegaz, hasieran Xan Alkhategaz eta ondotik Aimar Karrikagaz. Aurten, baxoa pasatzen nabil, eta beraz azken urtea dot lizeoan, ondoko ikasturtean unibersidadera joanen naiz, dana ondo badoa.

3.- Plazea zer dan eta norberaren indarrak neurtzen ikasi dozue. Zer falta jatzue orain?

Falta jakuna esperientzia dala esango neuke, gazteek plazetan lekua izatea, dakiguna erakutsi eta besteakandik ikasi ahal izateko. Eta horri esker, konfidantzea lortzea.

4.- Iurretan, zelan ikusi zenduan Arabako txapelduna eta Iurretan txapeldunorde Maddi Agirre?

Igazko eskolartekoan ze maila eban ikusi ahal izan genduan, eta aurten be maila handia dauela erakutsi deusku. Kantetan segurtasuna transmitiduten dau eta nere izena entzun neban arte txapelduntzat nuen.

5.- Bigarren zatian kantau zenduenean artean, Haira Aizpuruaren bertsokerea zelakoa da?

Danok dakigu Hairaren mailea zein dan, ez zan kasualidadez txapeldun izan igaz eta Ipar Euskal Herriko azken 3 txapelketetan. Urtean zehar haregaz kantetako aukerea izaten dot, eta badakit ze erraztasun dauen bertsotarako. Zapatuan trabau izan ez balitz bera be txapela janzteko lehian izango zan.

6.-Bizkaiko bertsolari Izaro Bilbao eta June Diaz zer iruditu jatzuzan?

Aurretik banekian legez, maila biziki onean ibili ziran finalean be, biek bertsokera fina erakutsi euskuen. Orokorrean, finalista guziek itxi eben ale on bat.

7.- Iurretakoa hasi aurretik nortzuk ziran zure faboritoak?

Igaz ikusi nebanagaz eta aurten ukan daben ibilbideari eutsiz, Haira eta Maddi nituen faboritotzat. Halan da be, lurralde bakotxeko bertsoaldiak entzunik lehia estua izango zala banekian.

8.- Unai Iturriaga bertsolari durangar handiak ipini eutsun buruan txapela. Bertsolaria, idazlea eta musikaria. Zer sentidu zenduan momentu horretan?

Unai Iturriagak txapeldunari txapela jantziko eutsola jakin nebanean gogo berezia sortu jatan ahal neban dana emoteko. Ohore handia izan da, hainbeste miresten dogun txapeldun handi batek txapela janztea. Ez neban pentsauko jazo eitekeanik be.

9.- Euskal Herriko 34. Eskolartekoa irabazi ondoren, zeintzuk dira buruan dozuzan erronkak?

Ez dot erronka berezirik, egia esan, eskolartekoaren aurreko berak ez badira. Bertsotan segidu nahi neuke, gozatuz eta plaza barriak deskubriduz.

10.- Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia be badator. Zelan ikusten dozu zeure burua hor, Señora Sariketan eta holakoetan?

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa biziki urrun ikusten dot, lehenago Xilaba Txapelketeari begira jarri beharko nintzateke, eta azken honentzat be denbooa bada oraindino. Haatik, Señora Sariketan eta holako plazetan gustorago kantauko neuke. Ikusiko da noizbait aukerak sortzen diran!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu