Zubiak eregiteko deia Errefuxiatuen Munduko Egunean
2022-06-20 13:35 Pil-pileanErakunde ugarik gogoratuko dabe egun hori gaur, hilak 20.
Errefuxiatuen Munduko Eguna da gaur, bagilak 20, eta erakunde ugarik gogoan hartu dabe migratzaileen eta igeslarien aldeko mezuak zabaltzeko. Errefuxiatuei laguntzen ibilten diran alkarteek zein era guztietako erakunde publikoek egin dabe bat.
Bilboko Udalak, esate baterako, Kike Infame marrazkilariaren diseinuetan oinarritutako kanpainea ipini dau martxan. Puentes izeneko lan grafikoa egin eban Kike Infamek eta horren zati batzuk zabalduko ditu Udalak hainbat euskarriren bidez.
Zubiak metafora lez erabilten ditu Kike Infamek: jatorri eta kultura guztietako bilbotarrentzako gonbidapena da, zubiok erabili deiezen, uriko kultura-aniztasuna ezagutu deien eta gizarte bardinzale eta kohesionadua lortzeko beharrezko pausuak egin deizen.
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia Udaletxeko zubiaren eta Zubizuriren arteko zatian egin dau Bilboko Udalak, errefuxiatuak hartzeko prozesu komunitarioagaz dauen lotura bereziagaitik. Izan be, Eusko Jaurlaritzearen Auzolana 2 babes komunitarioko programa pilotua Castaños auzoan egin zan.
Errefuxiatuen bizitzea egunero-egunero babestu eta hobetu behar badogu be, Nazino Batuek antolatutako nazioarteko egunek laguntzen dabe mundu osoko arretea jarten gatazka edo jazarpenetik igesi doazanen egoeran, adierazo dau Itziar Urtasun zinegotziak. Lortu nahi dogu Bilbo harrera eta babesleku izatea.
Ekitaldi horrezaz eta Kike Infameren lanean oinarritutako kanpaineaz gan, barikuan, hilak 24, Solange y el Caminante antzezlana ikusi ahal izango da Bilbon, Euri artean eta Impredecibles konpainien eskutik. Emakume afrikar batek eta gizon europar batek Greziako errefuxiatuen kanpaleku batean topo egin ebeneko benetako egoera bat agertzen dau obreak. Indautxuko Karmen aretoan izango da emonaldia, doban.
Bizkaian, Goihabe
Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Goihabe programearen balantzea egiteko aprobetxau dau Teresa Laespada diputaduak gaurko eguna. 2016tik, 700 errefuxiaturi baino gehiagori lagundu deutse, eta gaur egun 272 persona dagoz programa horren babesean.
Laespadak azaldu dauenez, Goihabe Siriako gerreak eragindako igesaldiaren kontura sortu eben, errefuxiatuei Bizkaian abegi egiten deutsen eragileen jarduera bateratua eta koordinatua sustatzeko. Gerora, beste gerra batzuek eragindako personei zabaldu deutse laguntzinoa.
ACNUR Nazino Batuen Errefuxiatuentzako Agentziaren arabera, gero eta errefuxiatu gehiago dagoz munduan. 2021aren amaieran, gerreak, indarkeriak, jazarpenak eta giza eskubideen urraketek iges eragindako 89,3 miloe lagun egozan, baina Errusiak Ukraina inbaditu ondoren eta beste larrialdi batzuk gehituta, 100 miloe personako mugea gainditu dala uste dau ACNURek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!