'Diseinuaren foku' izango da Bilbo, DRS2022 kongresuari esker
2022-06-20 12:41 Pil-pileanBagilaren 25ean hasita, nazinoarteko adituak batuko dira urian.
Design Research Society dalako erakunde zientifikoak Bilbo aukeratu dau DSR2022 kongresua egiteko. Diseinuagaz lotutako hainbat alor lantzen ditue urte birik behingo topaketa horretan, nazinoarteko aditu eta ikerlarien eskutik. Bilboko hitzordua bagilaren 25etik garagarrilaren 3ra egingo dabe, eta Bilboko Udala eta EHUko Arkitektura Eskolea arduratuko dira dana atontzeaz.
Aurreko edizinoak munduko uri handietan egin ditue, esate baterako, Londres, Brisbane, Montreal, Bangkok eta Lisboan. Izan be, Udalak azpimarratu dau DSR2022 mundu osoan entzutetsua dala eta Bilbo diseinuaren foku izango dala.
Diseinuaren ikerketeak hurrengo urteetan izango dauen ikuspegi akademikoa eta ikertzailea definiduko dabe kongresuan. Lan eta ikerketa horretan, edozein giza produktu artifizialen diseinu-metodologia eta prozesuak aztertzen dira, zentzu zabalean ulertuta eta gizakien sormena edo aurrerapena kontuan hartuta.
EHUko Arkitektura Eskolako irakasle Juan Sádabak zehaztu dauenez, estetikeagaz eta arteagaz estu lotuta ulertzen dogunaz harago, zelan edo halan artifiziala dan horren ikerketara eroandako diseinua aztertuko dabe Bilbon.
Egitarauan era askotako jarduerak dagoz, tartean hiru berbaldi, elikadurearen, uri-habitataren eta ekosistemen ingurukoak. Ganera, lantegiak, Fringe jaialdia eta EHU munduko erakunde akademiko ugarigaz lotuko daben ekitaldiak egingo ditue.
Abandoibarra etorbideko Bizkaia Aretoa izango da kongresuaren erdigunea eta ekitaldi gehienen egoitzea. Dana dala, Azkuna Zentroan, IED Kunsthalen, Zabalguneko eraikinean eta Guggenheim Museoan be egingo ditue ekitaldi batzuk.
Pandemiaren ostean nazinoarteko hitzordu garrantzitsuak barriro Bilbora erakarteko ahaleginaren barruan dago DSR2022. Kongresu honek 750 parte-hartzaile batuko ditu, horreetatik 550, modu presentzialean.
Besteak beste, Bilbon izango dira Christos Passas (Zaha Hadid Architects-eko zuzendaria); María Hurtado de Mendoza (Bogotako memoriaren museoaren arduraduna); Samantha G.R. Jenkins artista zibernetikoa; Moon Ribas artistea; Sonja Stummerer eta Martín Hablesreiter arkitektoak; eta Andoni Luis Aduriz sukaldari gipuzkoarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!