Primerako jaia zortzigarren alabarentzat
2022-06-20 07:49 Euskerea berbagaiEguraldi ona lagun, milazak euskaltzale joan dira Araba Euskarazera.
Gasteizko Olarizuko zelaietan egin dabe 2022ko Araba Euskaraz, orain dala 41 urteko lehenengo edizinoa egin zan leku berean. Argantzun ikastolea izan da, baina, aurtengo ardatza, Trebiñuko konderrian, Gaztela eta Leonen administrazinopean dagoan zentroa. Araba zazpigarren alabea bada, Argantzungo ikastolea da zazpigarren alabearen zortzigarren alabea. Hortik hartu dabe aurtengo leloa, Zortzigarren alaba.
Izan be, Arabako Ikastolen Alkarteak zortzi kide daukaz, eta Argantzungoa da apalena. Oztopo gehien be han daukiez, Gaztela eta Leonen parte izateak dakarren muga adiministratiboagaitik. Horregaitik, 2022ko Araba Euskaraz aldarrikapen eguna izan da Trebiñuren euskalduntasunaren alde egiten daben guztientzat.
Omendu ugari egon dira aurtengo Araba Euskarazen. Batetik, herrialdeko ikastola bakotxak persona bat omendu dau. Bestetik, Alea aldizkariari eta Anjel Olalderi be gorazarre egin deutse. Azken hori Araba Euskarazeko koordinatzaile izan zan luzaroan, 2020ra arte.
Bestetik, lanerako eguna be izan da Arabako ikastolentzat. Danen artean atondu dabe Olarizuko jaia, protagonistak Argantzungoak izan diran arren. Jenteak gogoz erantzun dau, milazak euskaltzale batu dira eta kontzertuez, jantzez, umeen olgetez, jatekoaz eta abarrez gozau dabe, eguraldi onari esker. Eguzkiak jo dauenean, gerizpea izan da lekurik atseginena.
Arabako Ikastolen presidente Liher Larreak azpimarratu dauenez, auzolana da aurtengo edizinoaren ezaugarri nagusia. Araba Euskaraz lehenengoz egiteko, alkarlanean ibili ziran orain dala 41 urte; orain, herrialdeko ikastolek indarrak batu ditu barriro, kasu honetan txikienari, Argantzungoari, laguntzeko.
Pablo Ortiz de Latierro Argantzungo alkatea be Araba Euskarazen izan da. Eusko Jaurlaritzearen izenean, bestetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua izan da, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek be ez dau hutsik egin eta Ikastolen Alkarteko ordezkari gorena Koldo Tellitu izan da.
Hezkuntza Lege barrirako itunaren alde dagozala azpimarratu dau barriro Tellituk, baina azkenaldion sumatu dituen jarrera batzuek ikastolen eredua kolokan jarri leikiela be salatu dau. Bildarratzek adierazo dau Araba Euskaraz alkarregaz jai egiteko eguna dala, eztabaidak alboratuta. Edozelan be, Hezkuntza Lege barria danentzat mesedegarria izango dala ziurtatu dau, baita ikastolentzat be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!