Ibai Amillategirentzat Argi Baltza Sariketako azken kanporaketea

Bizkaie! 2022-06-20 09:53   Bertsolaritzea

Finala hilaren 26an izango da, Muxikan.

Ibai Amillategi, Mendatan (argazkia: Lilibertso) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiru kanporaketa izan ditu Lilibertsok atondutako II. Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketeak, eta hortik sei bertsolari pasau dira Muxikako finalera. Horreetako bat da Ibai Amillategi, hirugarren kanporaketako irabazlea. Mendatan jokatu da eta saioa estu joan dan arren, puntuazinoak emoteko orduan nabarmendu da Amillategi, 192,5 batu ditu.

Bigarren Maddi Ane Txoperena izan da, 183 puntugaz. Saio polita egin dau, baina ez da nahikoa izan finalerako txartela eskuratzeko. Hirugarren Eneko Aldana izan da (182), laugarren Joanes Illarregi (180), bosgarren Bittor Altube (171,5) eta seigarren Maider Altuna (154).

Hortaz, hiru kanporaketak jokatuta, finalean kantauko dauen seikoteko izenak erabagita dagoz: hiru saioetako irabazleak: Aitor Etxebarriazarraga, Ane Zuazubiskar eta Ibai Amillategi; eta ganerakoen artetik puntuazinorik altuena izan dabenak, hau da, Mikel Retolaza, Aner Euzkitze eta Sarai Robles.

Finala domekan, bagilaren 26an, jokatuko da, Muxikako Urretxindorra Eskolan. Giro ederra, bertsolari bikainak eta bertso dotoreak ziurtatuta dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu