Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan barrirako alkarlan bila

Bizkaie! 2022-06-20 07:55   Euskerea berbagai

Orain arteko planaren indarraldia amaitzear dagoanez, itun zabala eskatu dau Jaurlaritzeak.

Bingen Zupiria, Legebiltzarrean, ESEP barriaren ingurukoak azaltzen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2012an adostu eben Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP), eta 2013an berretsi. Hamar urteko indarraldia dau ekimenak eta, beraz, aurten amaituko da. Horren guztiaren inguruko azalpenak emoteko, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak.

Hasteko eta behin, orain arte egindako bidean sakondu eta plana barritzeko asmoa agertu dau sailburuak. Horretarako, alderdi politiko eta eragileen alkarlana eskatu dau, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan barriaren aldeko itun ahalik eta zabalena egiteko.

Ebaluazinoa egin eta hurrengo hamar urteetarako oinarriak erabagitzea jagoku. Konpromisoa jasota dago gure Gobernu programan, eta lanari ekiteko, Euskerearen Aholku Batzordearen baitan ESEPa barritzeko Batzorde-atala sortu dogu, azaldu dau Zupiriak.

Adituz osotutako askotariko taldea da ESEP barritzeko batzorde hori. Ikuspegi eta eretxi ezbardinak dituan taldea dala dino Zupiriak. Lantalde iraunkor honez gan, kanpoko eragileen ahotsa be batuko dogu prozesuak iraungo dauen aldian.

Helburu nagusia izango da hizkuntza politikearen inguruan gogoetea egitea eta aurrera begirako marko nagusia definidutea, hizkuntza politika eraginkorra, errealista, koordinatua eta adostua egin ahal izateko. Horretarako fase bitan egingo da lan: 2022an atal estrategikoa landuko dabe (azterketa estrategikoa, norabide estrategikoa eta formulazino estrategikoa), eta 2023an atal operatiboari ekingo deutse (planaren formulazinoa, aplikazinoa eta ebaluazinoa).

Sailburuaren arabera, ona da euskerearen ganean berba egitea, baita kritikak egiteko bada be, honeek euskerearen geroaren hobe beharrerako badira. Hori dala eta, Legebiltzarreko taldeei ESEP barritzeko prozesuan sartzeko eskatu deutse, eta Hezkuntza Lege barriaren inguruan egin dan itunaren moduko bat hizkuntza politikan be egin leitekela ganeratu dau.

2012-2022ko Euskerea Sustatzeko Ekintza Planak hiru helburu estrategiko ditu: euskerearen jabekuntzea; euskerearen erabilerea eta euskerearen elikadurea. Aldi berean zehar-lerro bi be baditu, motibazioari eta zabalkundeari lotuak. Beste 13 lan-lerro be zehazten ditu, besteak beste, familia bidezko transmisinoa, irakaskuntzea, administrazinoa, aisialdia eta kirola, liburugintzea eta teknologiak.

Azken hamar urteotan euskal erakundeek ardatz horreen bueltan jardun dabela azaldu dau Zupiriak, eta egungo ESEP-aren indarraldia amaitzear, ebaluazinoa egin eta hurrengo urteetarako oinarriak erabagitzea jagoku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu