Irantzu Idoatek irabazi dau Eskolarteko Txapelketea

Bizkaie! 2022-06-20 08:20   Bertsolaritzea

Iurretan izan da finala eta Unai Iturriagak jantzi deutso txapela irabazleari.

Irantzu Idoate, Iurretan (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketearen 34. edizinoa Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian jokatu da, asteburuan, hamabi bertsolari gazte oholtzan dirala. Ariketa guztiak amaitu eta gero, epaileen puntuazinoaren arabera, Irantzu Idoate Funosas izan da irabazlea. Bertsozale Alkartea eta Ikastolen Alkartea dira antolatzaileak, aurten Iurretako Udalaren laguntzinoagaz.

Saioaren lehenengo fasean, bertsolari guztiek egin ditue hainbat ariketa, bakarka zein binaka. Honeek izan dira finalistak: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Bigarren fasera pasau dira ordura arte puntu gehien izan dabenak: Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre. Azkenean, Irantzu Idoate txapeldunaren ostean, Maddi Agirre izan da bigarren.

Unai Iturriaga bertsolari durangar ezagunak jantzi deutso txapela Idoateri. Aurkezlea Beñat Vidal izan da, gai-jartzailea Idoia Anzorandia eta epaileak honeek: Ainhoa ArregiAitor JimenezJulen ZelaietaLur Renteria eta Maite Sukia.

Urte hasieran ekin eutsen 2022ko Eskolartekoari. Herrialde bakotxeko txapelketak jokatu ziran, eta horko onenak heldu dira Euskal Herriko finalera. 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jentaurrean bertsotan egiteko plazak eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea ditu helburu Eskolartekoak. Ganera, lekuan lekuko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak be egiten dira bat-bateko txapelketeaz gan: idatzizko txapelketea edo gazteagoentzako lehiarik bako topaketea, adibidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu