Udako turismoan euskereak lekua izatea nahi dau UEMAk
2022-06-17 11:08 Euskerea berbagaiBisitariak eta zerbitzuen sektorea dira Bertatik bertara kanpainearen hartzaileak.
Oporrek eta eguraldi epelak erakarrita, aurten be kanpoko bisitariz beteko dira Euskal Herriko uri, herri eta naturguneak. Bisitariei emoten jaken arretan euskereak izaten dauen lekua handitzeko asmoz, UEMAk barriro ipini dau martxan Bertatik bertara kanpainea, batez be udalerri euskaldunak edo arnasguneak gogoan. Zerbitzuen sektoreko arduradun eta beharginek euskerea kontuan izan deien, baliabideak emongo ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak eta bisitariak animauko ditu, ahal daben neurrian, euskerazko berbak erabiltera.
Bagilaren 21ean hasiko da kanpainea, eta irailaren erdi partean amaitzea da asmoa. Bertoko produktuen, paisajearen eta ganerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien erakusten dauena euskerea dala nabarmenduko dabe UEMAk eta ekimenean parte hartuko daben udal eta garapen agentziek.
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide atondu ditue: webguneetarako zein sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabilteko mahai ganekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainearen barri emoteko euskarriak eta bisitariek telefonoan erabili ahal izango daben hiztegia, besteak beste.
Mahai ganekoen alorrean egiten daben ahalegina aitatzekoa da, izan be, modu erraz eta argian bisitariakana heltzen dan bitartekoa da, ostalarientzat be balio handikoa. Aurten, 250.000 mahai ganeko banatuko ditu UEMAk, mankomunidadeko kide diran udalakaz batera.
Euskerea, oztopoa baino, abantailea izan leiteke turismoaren alorrean, baita kanpotik datozan turistei zerbitzua emoteko orduan be, UEMAren arabera. Askotan, bertoko hizkuntzea alde batera ixten dogu, bisitariei arretea erderetatik eskainita. Ez dau zentzunik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten dabelako bisitari asko berariaz etorten dirala udalerri euskaldunetara, eta euskerea ikustea eta entzutea gustuko dabela.
Kanpainako argibideak eta materiala hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!