Lanbide Heziketako ikastetxeen Munduko Biltzarra Donostian
2022-06-16 12:52 KultureaBagilaren 17an amaituko da.
WFCP - World Federation of Colleges and Polytechnics alkarteak atonduta, Exellence for All goiburuari eutsiz, 48 herrialdetako mila lagunetik gora dagoz parte hartzen.
WFCk urte birik behin atontzen dau biltzarra. Biltzar hau Europan egiten dan bigarren aldia da eta Euskadin egiten dan lehenengoa. Orain arteko edizinoak Kanadan, Arabiar Emirerri Batuetan, Erresuma Batuan, Txinan, Brasilen eta, azkena, 2018koa, Australian egin ondoren, Euskadi 2020ko urrian nazinoarteko ekitaldi honen anfitrioia izateko aukeratu eben baina pandemiak orain arte atzeratu dau biltzarra.
Euskadi ez eben halanbeharrez aukeratu Biltzarra hartzeko, izan be, Euskadiko Lanbide Heziketako sistemea mundu mailan erreferenteetako bat da eta Europako Batzordeak Europako Lanbide Heziketako etorkizuneko eredua eregiteko adibide izango diran bikaintasun-plataformen artean hartu dau.
Excellence for all
Biltzarreko saio guztiak lau gai-multzoren inguruan egiten dabiz, danak Nazino Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako helburuei eutsiz: lanaren etorkizuna eta horren inplikazinoa Lanbide Heziketarako; ekidadea eta inklusinoa; migrazinoa; eta jasangarritasuna.
Lanbide Heziketa sendo eta abangoardistea behar da, etorkizuneko erronkei aurrea hartzen jakingo dauena, inor atzean geratu ez daiten.
Biltzar honetako ponentziak, eztabaidak eta lan-saioak topaleku bihurtuko dira Lanbide Heziketearen etorkizuneko erronkakaz lotutako ideak eta proposamenak trukatzeko, esperientziak konpartiduteko eta besteakandik ikasteko foro bat izango baita.
Biltzarraren inaugurazino instituzionalaren ostean, hizlarien talde nagusian esku hartu dauen lehenengoa Jorge Arévalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea izan da, The uncertainity of moving towards the unthinkable. Creating opportunities izenburupean. Sailburuordearen ondoren, Joao Santos Europar Batzordeko Enplegua, Gizarte Gaiak eta Inklusinoa saileko zuzendari nagusiak eta Anne Caroline OIT/Cinterforeko zuzendariak Biltzarreko gai nagusietako bati heldu deutse: lanaren etorkizuna eta Lanbide Heziketan dituan inplikazinoak. Biltzarreko adituen taldeak 17 herrialdetako lehen mailako 21 hizlari batuko ditu egunotan Donostian.
Gaur eta bihar Kursaalen egingo diran eta esperientziak eta proiektu barritzaileak trukatzeko foroa izango diran lan-saioetan be eginkizun garrantzitsua beteko dau Euskadiko Lanbide Heziketeak. Egunotarako programautako hogeita hamar saioetako 8 Euskadiko Lanbide Heziketearen ordezkariek gidatuko ditue eta izango dira Hezkuntza Sailaren menpeko Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren arduradunak nahiz Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunak be. Euskadiko Lanbide Heziketak saio horeetan aztertuko eta azalduko dituen gaietako batzuk izango dira ikastetxeen eraldaketa digitala, fabrikazino aurreratua, adimen artifiziala Lanbide Heziketan, formakuntzearen eta enpleguaren etorkizuna, ekonomia zirkularra Lanbide Heziketan aplikatua, teknologia humanizatua edo sare sozialak hezkuntzan aplikauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!