'Beti izango dugu Bilbao'
2022-06-15 10:31 Pil-pileanZapatuan, arratsaldeko 17:30ean ekarri zeure ikur eta aldarrikapenak Arriagara.
...Beti izango dugu Bilbao. Dana zan grisa eta zu urdinez, min bat badago iraganean, denpora pasauko da? Kantua zara...Bilbao idatzi eban Fermin Muguruzak orain 20 bat urte.
85 urteko atzera begira jarri gara Bilbon. Azken milizianoak Artxanda eta Malamasinen Bilbo defendiduten. Bizkaiko uriburuak behea jo eta hamarkada luzeko iluntasuna ekarri euskuen. Gerra, biolentzia eta errepresino politiko zein kulturala ekarri, ekarri euskuen. Begoñako kanposantuan agertutako gorpuzkinak, gorputz ziraneko 1937ko udabarrira begira, ez ahaztu, ez ahaztu... Murmurikatzen dabe hazurrek, uriaren erresistentzia antifaxistearen ikur bihurtu diran
hobietatik.
Efemeridea heltzen danean, memoriari tartea egiten deutsagu. Amamek aitatutako lekuetara bueltetan gara, bizirik dirauten eraikinetara goaz, zuribaltzezko erretratuetara bidaitzen dugu. Uria faxisten esku erori zan baina gaur udabarrian Bilbo ehundaka ekimenez beteten da. Auzokide, eragile eta burrukek plazak beteten ditue. Irabazi ez deuksuelako adierazle argiena.
Bagila barriro eta kultur aniztasuna ospatzeko arrozek, kalidadezko osasungintza publiko baten defentsak, uri turistifikatuaren ondorioen salaketak, auzoetako jai herrikoien indarrak, liburu azokako letrak, gazte egunak... Bilboko auzoak borborka dago aurten be, hemen gagozala, altzau garela eta bizirik gagozala ez daigun ahaztu.
Gomutea, etorkizunera begira jarriko gaituan tresnea, errautsetatik zutundu eta oinez jartea lortu izanaren seinalea da. Ez dira datu eta data hotzak, ez da joanaldi baltz baten ahanztura ezta garai grisen nostalgia be. Nondik gatozen argi izan behar hori, memoria kolektibo hori, gaur burrukan jarraitzeko pizgarria eta biharko burrukak marrazteko bidea dira aldi berean.
Astelehenero pensino duinen alde burrukan dagoan amamak gogoratzen deusku etenik izan ez dauen hari hori. Euskaria abesbatzako ahots batek gogoratzen deusku Bilbo Kantari ekimenak bizirik dirauela. NATOren kontra kalera urtengo dauen gazteak gogoratuko deutso kontrako botoa emongo dauela 86ko kontzertu haretan egon zanari. Udabarriko bertso saioek, frankismo gordinenean Arenalean irabazitako txapela gogoratzen dogu. Hari berean doaz Euskalduna zarratzea salatu ebenak eta gaur erresidentzietan, Guggenheim Museoan edo Metalaren konbenioa hobetzearen alde dagozan langileak. Hari horren jaube da orain 30 urte 7katu Bilboko Gaztetxea hutsitzen ikustea, Kukutza, Sorgintxulo eta hainbat gune libreren lekuko. Dozenaka bizipen hari berean, uri berean.
Faxistak sartu ziranetik 85 urte beteko diran egunaren bezperan, bilbotarrok badogu zer ospatu! Hemen gagoz, zutunik, burrukarako prest eta etorkizunaren ateak parez pare zabalik!
Antifaxistea izatea jarrera bat da eta izateko era bat. Uri feminista, ekologista, antiarrazistea, behetik gora eta auzoetatik zentrora eregiten goazen Bilbo barri bat eregi nahi dogunon izakerea. Zapatuan, hilaren 18an, arratsaldeko 17:30ean ekarri zeure ikur eta aldarrikapenak Arriagara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!