Zegama-Aizkorri: zorion giroa eta sufrimenduzko gozamena
2022-06-15 08:51 Euskerea berbagaiBoluntario, antolakuntza, babesle eta korrikalariak, lasterketa bikaina izatearen erantzuleak.
Zelan izan leiteke 1.500 biztanle inguruko herri bateko lasterketea munduko ezagunenetako bat izatea? Gipuzkoako Goierri eskualdeko Zegama herriak baino ez dau zeresana horretan; berak baino ezin erantzun leikio erantzuten hain gatxa eta aldi berean hain begi-bistakoa dan galdera honi.
Jenteak egiten ei dau Zegama-Aizkorri berezi. Inguruak egiten ei dau exigentzia maila igoteko eta begien gozamenerako horren erakargarria dan inguru tekniko eta eskuragarrian erronkak bilatzea. Ingurumena jagonda, Goierri eta inguruetako jenteari lan asko emonda, ostatuak, jatetxeak eta tabernak beteta eta nazinoarteko mendizaleei eta korrikalariei Euskal Herria barru-barrutik ezagutzeko konbitea eginez.
Alberto Aierbek ames bat eukan, Zegaman proba bat egitea; urte dezente pasau dira ordutik eta nork irudikatuko leuke egun argazkiotan ikusi geinken jai handi hau. Ainhoa Txurrukak be sekulako lana egin dau bidea jaso eta egiten jarraitzen dauenetik, baita familiako eta herrikoek osotzen daben talde eder eta maitatu horrek guztiak be. Mendia horren gustuko ez dauenak be, beharbada, entzuna dau noiz edo noiz proba honen izena, telebistan, sare sozialetan edo hedabideetan ikusita. Beharbada ez daki ondo zertan oinarritzen dan, baina mendizaletasunaren munduan ezaguna dan ingurua eta probea belarri eta aho askotara heldu dira.
Boluntarioak, antolakuntzea, babesleak eta korrikalari ezagun batzuen bultzadea izan dira zabalkunde horren erantzuleak, eta era berean, askok esan leikie Kilian Jornetek, munduko mendi korrikalaririk onenak, zeresan handia izan dauela. Zalantza barik, egiatik aldenduko ginateke kontrakoa esan ezkero. Berak, ostera, alderantzizkoa be badino. Hau da, gazte-gaztetan Zegaman parte hartzeak emon ei eutsan bere ibilbide arrakastatsu eta entzutetsuaren hasierako sonea.
Urteak pasau dira lehen parte-hartze haretatik eta urtero, ahal izaten dauen aldiro, bertaratu egiten da, lehen hasi-barria zanean eta aurten alaba biakaz eta familiagaz batera. Ikuskizun itzela eskaini dau aurtengoan be, markea apurtuz. Davide Magnini italiarrak, haginak estutu, ezuste itzela emon eta biek markea gainditu dabe. Manuel Merillas hirugarren korrikalaria oso hur geratu da, sekulako lasterketea eginez. Aizkorriko tontorrean lehenengo hamarretatik oso aldenduta joian, eta handik aurrera, itzelezko erakustaldia egin eta podiumean sartu zan, itzela. Parte-hartzerik ikusgarrienetako bat izan zan, umila, langilea eta kirolari fina dalako.
Nienke Brinkman herbeheretarrak argi eban asfaltozko maratoian nazinoarteko markarik onenetako bat egitetik etorrela eta batzuentzat ezustea emon eban eta beste batzuentzat mendian asfaltoan baizen lehiakorra izan ahal dala ziurtatu eban. Erakutsitako mailea ikusgarria izan zan. Bigarren egin eban Maude Mathys zan hedabideen faboritoa, eta hamar minutuko aldea egon zan bien artean.
Munduko korrikalaririk onenen artean, Sara Alonsok, lan handiz eta Euskal Herriaren eta Salomon taldearen babesagaz, azken urte honetan egindako lan guztiaren saria izan eban, hirugarren postu baliotsua eta jentearen babes parebakoa. Azken finean, horrek gogobeteten dau kaxa batera igoteak baino gehiago. Helburua lortu, eta ganera, jentearen maitasuna sentidu, markak apurtuz eta errekor barria ezarriz.
Munduko onenez berbetan gabiz eta beroak gauzak gatxago ipini zituan arren, barikuko lasterketa bertikalean egoan lokatz piloa lehortu eta horrek arin ibiltea erraztu eban. Inoizko bizkorrena 2022ko hau. Ikaragarria zelan garatzen dabilen kirol hau, entrenamenduak, elikadurea eta honen inguruko kontu guztiak.
Zorionak parte-hartu zenduen guztioi. Lehenengoak aitatzea zilegi dan era berean, edizino guztietan parte hartzen jarraitzen daben txapeldun horreei, ahalegindu eta itxi behar izan ebenei, nazinoartetik etorri eta irribarrea eskaini ebenei, Aizkorri-Aratz parke naturaleko opari zoragarriez sufridu eta gozau ebenei, helburua lortu ebenei zein lortu ez ebenei. Zuei guztioi, zorionak.
Eta zelan ez… Beste aldean gengozan danok, a zelako eguna, a zelako jaia. Barikuan bertikal ederra, behe-lainoa sartuta, sargori, eta gogorra, baina inoizko jentetsuenetakoa, barikua zala kontuan izanik. Batez be, kataluniar asko entzun eta ikusi nituan bertan. Pozgarria hareek be etxean lez sentidutea Iraule mendiaren aldatzetan gora. Zapatuan, maratoiaren ibilbidearen zati bat egin eta gozatu ederra hartu genduan, jente dezente ginan ibilbide zati ugari ezagutzen. Eguraldia zoragarria asteburu osoan, beroa bai, itzela, baina bizitakoak gara Sancti Espiritun eta Urbian eguraldi zantar-zantarra. Ospatu daigun, beraz, bero horrek jentea barriro alkartu, girotu eta erakarri izana. Geure mendiak egun batez betetera, eta hurrengo egunetan beharrezko daben lasaitasunera itzultzera. Beti be, babestuz, jagonez eta maitatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!