Olarizura bueltauko da Araba Euskaraz domekan
2022-06-14 12:15 Euskerea berbagaiJaiaren arduradunei harrerea egin deutse Jokin Bildarratz sailburuak.
Bagilaren 19an, domekan, egingo da 2022ko Araba Euskaraz, Gasteizko Olarizuko landetan. Berez, Argantzun Ikastolea da aurtengo edizinoaren antolatzailea, baina Ikastolen Alkarteak Araban dituan zentro guztiek lagundu dabe. Jai egunerako dana prest daukie, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi emon deutse guztiaren barri.
Arabako Ikastolen presidente Liher Larrea, Argantzun Ikastolako zuzendari Igone Zubizarreta eta Ikastolen jaietako arduradun Joseba Aginagalde batu dira Bildarratzegaz. Domekako jaiaren zehaztasun guztiak emon deutsez sailburuari. Nabarmendu dabenez, lehenengo Araba Euskaraz, 1981ekoa, Olarizun egin eben eta, beraz, lau hamarkada geroago hara bueltauko da ikastolen jaia.
Lehenengo Araba Euskaraz gogoan izan dabe aurten, eta ez bakarrik lekua aukeratzeko orduan. Nestor Basterretxeak 1981ean pentsautako irudian oinarrita dagoz 2022ko logoa eta leloa, 8. alaba.
Goiz eta arratsaldeko egitaraua atondu dabe domekarako Olarizun. Hiru gunetan banatuko ditue jarduerak, persona bakotxak gustukoena aukeratu deian edo batetik bestera ibilbidea egin deian. Aurreko urte bietan pandemiaren eraginez murrizketak egon diran arren, oraingoan bete-betean ospatu ahal izango dabe Araba Euskaraz.
Egitaraua eta argibideak hemen (PDF).
Beste alde batetik, Gasteizen egindako batzarrean, Arabako ikastoletako arduradunek Jokin Bildarratz sailburuari azaldu deutse Argantzungo ikastoleak eta Trebiñuko konderriko euskaltzaleek bizi daben egoera gatxa. Berez Gaztela-Leongo administrazinopean dagoanez, oztopo ugari ditue eguneroko lanean eta laguntzinoak jasoteko orduan.
Hortaz, babesa eskatu deutse Argantzungoek sailburuari, hango ikastoleak be aurrera egin ahal izan deian. Domekan Olarizun izango dala baieztau dau Jokin Bildarratzek, eta milazak euskaltzale be espero ditue antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!