Ane Zuazubiskarrentzat Argi Baltza Sariketako bigarren saioa
2022-06-13 07:50 BertsolaritzeaGautegiz-Arteagako frontoian jente asko batu da.
Bigarrenez egiten dabiz aurten Argi Baltza Sariketea, Lilibertsok antolatuta. Bigarren kanporaketea Gautegiz-Arteagako frontoi estalian jokatu dabe sei bertsolari gaztek, jente piloa harmailetan dala, saioaz gozetako prest. Txaloak sarri eta gogoz jo ditu publikoak.
Hasierako egitarauaren aldean, aldaketatxu bat egon da: azken momentuan, Aitor Servier ezin izan da Gautegiz Arteagara joan, eta Kerman Diaz izan da haren ordezkoa.
Kontuak kontu, epaileen puntuazinoen arabera, Ane Zuazubiskar izan da saioko onena, 201,5 puntu emon deutsez. Beraz, bagilaren 26ko Muxikako finalera zuzenean pasau da. Bigarren Mikel Retolaza izan da (197 puntu) eta hirugarren, Unai Mendiburu (179,5). Laugarren lekua Janire Arrizabalagarentzat izan da (171), bosgarrena Kerman Diazentzat (169,5) eta seigarrena Irune Basagoitirentzat (166).
Hurrengo kanporaketea, azkena, Mendatan jokatuko da, hilaren 19an. Oholtzan izango dira Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Maider Altuna, Bittor Altube, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!