Euskal ikasketen hiru katedra barri Quebecen, Galesen eta Kalifornian

Bizkaie! 2022-06-10 13:16   Euskerea berbagai

Kultur barrikuntzea, sorkuntza proiektuak eta soziolinguistikea landuko ditue.

Donostiako Tabakaleran emon dabe katedren barri (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hurrengo ikasturtean, 2022-23an, euskerea eta euskal kulturea lantzeko hiru katedra barri hasiko dira atzerriko unibersidadeetan, Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta. Hain zuzen be, Quebeceko McGill University-n, Galesko Trinity Saint David-en eta Kaliorniako California State University Bakersfield-en ipiniko ditue martxan.

Horren barri emoteko agerraldia egin dabe, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak eta Etxepare Institutuko arduradun nagusi biek, Irene Larrazak eta Garbiñe Iztuetak. Bertan izan dira, ganera, Elbira Zipitriaren lankide eta lagun Mari Karmen Mitxelena eta Alan Roy Kingen senideak, katedra barrietako bik Zipitria eta Kingen izenak izango dituelako.

Irene Larrazak azpimarratu dauenez, katedra barriak bat datoz Etxepare Institutuaren helburu nagusiakaz, hau da, nazinoarteko kultur loturak sortzen, hizkuntzearen inguruko ikerketak sustatzen eta diasporeari hauspoa emoten lagunduko dabe.

Mundu zabaleko unibersidadeakaz egindako hitzarmenei esker, euskal ikasketak naziinoarteko giro akademikoan gero eta ezagunagoak dirala nabarmendu dau Bingen Zupiriak. Gure hizkuntzea eta kulturea alor akademikora eroan eta bertatik be zabalduko da, esan dau sailburuak. Bertoko eta nazinoarteko ikertzaile zein unibersidadeen arteko hartu-emonak eta ezagutzea estutzeko balioko deuskue.

Quebeceko McGill unibersidadean Elbiria Zipitria Katedrea ipiniko dabe martxan. Irakasle aitzindaria izan zana gogoan, kultureagaz lotutako barrikuntza soziala izango dau ardatz, 2018an hartutako konpromisoan jaso zan legez. Orain dala lau urteko konpromisoa #SaisonQuebecPaysBasque programazino bereziaren barruan adostu eben.

Galesen, ostera, Alan R. King izena izango dau Trinity Saint David unibersidadeko katedra barriak. Ikerlari eta euskaltzain urgazlea hizkuntza gitxituen defendatzaile sutsua zanez, omenaldia egin nahi izan deutse. Soziolinguistikan oinarrituta, hizkuntzen eta kulturen alkar ezagutzan sakontzea izango da helburua.

Hirugarren katedrea, Kaliforniako Bakersfield urikoa, hango euskal komunidadeak 2019an egindako proposamen baten ondorioz sortu dabe eta Frank Bidart idazlearen izena emon deutse. Sorkuntzearen bidez, euskal kulturea, artea eta barrikuntzea sustatuko ditue zemendian hasiko dan ikasturtean.

Hiru honeek zerrendara gehituta, hamabi izango dira, guztira, Etxepare Euskal Institutuaren nazinoarteko katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializadua eta ikerketa akademikoa sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializaduek edo artista eta sortzaileek unibersidade batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu