Unai Iturriagak jantziko deutso txapela irabazleari
2022-06-10 08:13 BertsolaritzeaHamabi gaztek kantauko dabe bagilaren 18an, Iurretan.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako lurraldeak batzen dituan Eskolartekoa eginda, ezagutu ditugu 2022ko Euskal Herriko Eskolartekoan oholtzara igongo daben hamabi bertsolariak. Honenbestez, hau da zerrenda osoa: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.
Bagilaren 18an Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian izango da saioa 11:30etik aurrera eta amaitutakoan mokaua eskainiko da.
Jentaurrean kantetako plazea
Urtearen hasieran ekin jakon Eskolartekoari: Gipuzkoan hasi zan lehenengo eta pasau barri dan astegoienean Itsasun egin zan saiora arte, hainbat gazte ibili dira kantuan, hain zuzen, horixe da, besteak beste, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jentaurrean bertsotan egiteko plazea eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, lekuan lekuko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak be egiten dira: idatzizko txapelketea edota edade txikiagoentzako lehiarik bako topaketea.
34. edizioa izango dau aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak atontzen dabe gazteen bat-bateko bertsolari txapelketea eta aurten Iurretako Udalaren babesa be izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!