UEUren 50. urteak ospatzeko UEU Festa egingo dabe Bilbon
2022-06-09 12:14 KultureaGaur egingo dabe hainbat ikertzaile bizkaitar tartean dirala.
UEUren Udako Ikastaroen 50 urteurrena da aurten eta hori ospatzeko, UEU Festak atondu ditue Euskal Herriko hainbat uritan. Gaur, bagilak 9, Bilbon egingo dabe hainbat ikertzaile bizkaitar tartean dirala.
Arratsaldeko 18:00retan da hitzordua Bilboko BIRA Kulturagunean. Bertan izango dira: Ikergazteak: Maite Luengo, Mikel Musatadi, Txerra Rodriguez, Jon Egaña, Naia Laka, Ainara San Juan eta Ines Erkizia; ikertzaile beteranoa: Arantza Aldezabal; eta Unai Iturriaga eta Jone Uria bertsolariak
Aurkezleak: Koldo Garcia, UEUko zuzendaritzako kidea eta Ainhoa Latatu, UEUko graduondokoen arduraduna.
UEUtonbola eta luntxa be izango dira.
Gazteen ahotsak: hizkuntza-Ideologiak eta kultur aniztasuna
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta EHUk alkarlanean atondu dabe gaur goizean Bilbon egindako Gazteen ahotsak: hizkuntza-Ideologiak eta kultur aniztasuna izeneko mintegia. Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazino zuzendariak eta Agurtzane Elordui EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak alkarlanean zuzendu dabe EHUren Udako Ikastaroen barruan atondutako mintegi hau.
Topaketearen helburua testuinguru kulturaniztunetan bizi diran gazteen hizkuntza ideologiak aztertzea izan da. Euskal gazteak eta euskerea ardatz dituen ikerketak izan dira berbagai nagusi baina nazinoartean izen handiko ikerlariek be parte hartu dabe eta katalana, irlanderea eta galegoaren kasua be aztertu dabe.
Egunerokoan testuinguru kulturaniztunetan bizi diran gazteentzat, zelako esangura eta funtzino soziala dabe euskerea, katalana edo galegoa lako hizkuntza txikiek? Ze leku dabe hizkuntza horreek euren lekuan lekuko kultura jardueretan eta hartu-emon birtualetan? Korronte ideologiko eta kultural barriek, ze eragin dabe gazte horreen hizkuntza-hautuetan? Eta euren hizkuntza horreen inguruan dituen ikuspegietan? Galdera horreen inguruan hausnartzea izan da mintegiaren helburua.
Mintegiaren hasiera ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, korronte digital handi baten ingurumarian, gazte identidade asko eta askotarikoak sortu dira. Lekuko edo tokiko hartu-emonak gainditu eta nazinoartera, eremu digitalera edo lan esparrura begira jarriz elikatzen dogu geure identidadea. Gazteek be bai. Ezaugarri horreek, beste askoren artean, eragin zuzena dabe gure hizkuntzen erabileran. Euskereak hizkuntza gitxitu moduan dauen posizionamenduaz, euskaldun elebidun edo eleaniztunaren identidadeaz, hartu-emon kultur anitzez, kultur artekotasunaz berba egitea ezinbestekoa dala esan nahi dau horrek guztiak. Zupiriak gaineratu dauenez, jazoera horreek guztiak ez dira euskal gizartean bakarrik jazoten; Europako eta, oro har, mendebaldeko gizartearen ezaugarri be badira. Egoerearen irakurketea egiten danean eta irakurketa horren ondorioz proponidutako neurriak hartzen diranean, testuinguru hori be kontuan izan behar da, izan be, aldaketa horreek guztiek badabe eraginik euskerearen bilakaeran eta izaten jarraituko dabe datozen hamarkadatan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!