Gaitu, euskerea hizkuntza teknologietan sartzeko plana, martxan da

Bizkaie! 2022-06-09 11:15   Euskerea berbagai

2024ra arte, gitxienez 25 proiektu lantzea da aurreikuspena.

Legebiltzarrean egindako agerraldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaitu, hizkuntza teknologien ekintza plana 2021-2024 aurkeztu dabe Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kideek Eusko Legebiltzarrean. Bingen Zupiria sailburua, Miren Dobaran sailburuordeak emon ditue azalpenak. Adimen artifiziala oinarri daben teknologiak dira hizkuntza teknologiak, eta euskereak aurrerapenetan parte hartzea beharrezkoa da, mundu digitalean ez daiten atzean geratu.

Hain zuzen be, Gaitu planean batzen dira erronka horri heltzeko pausu zehatzak, administrazino publikoa eragile dala. Momentu honetan, 25 proiektu aurreikusi ditue, baina 2024ra bitartean gehiago be batu leitekez.

Gaur egun, idatzizko zein ahozko hizkuntzea prozesetan dabe hizkuntza-teknologiek, adimen artifizialaren parte diran hizkuntza prozesamenduaren eta itzulpen automatikoaren ataletan. Ekintza-planaren helburua da administrazino publikoek hizkuntza naturala prozesetako teknologiak, baita itzulpen automatikoarenak be, euren eguneroko jardunean txertatzea, zerbitzu publikoaren kalidadea eta gaitasuna hobetzeko.

Gaitu plana gauzatzeko, Hizkuntza Politikako arduradunek batzarrak egin ditue zortzi arlotako ordezkariakaz: administrazino elektronikoa; hezkuntzea; helduen euskalduntzea; osasungintzea; justizia; turismoa; kulturea, hedabideak, humanidade digitalak eta liburutegi digitalak; eta segurtasuna.

Gure hizkuntzearen etorkizuna eta biziraupena, neurri handi batean, hizkuntza teknologien esparruan erabagiko da, jorratu beharreko alorra da, ezinbestean, adierazo dau Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. Aldi berean, euskerearen normalizazinoa helburu dogun neurrian, aukera zabalak eskaintzen ditu. Hizkuntza-teknologietan aurrera egiteko eta euskerea Europako hizkuntzen artean jarteko egin dogu ekintza plana.

Funtsezkoak diran 25 proiektuen artean dagoz Itzuli itzultzaile neuronala sendotzea, sistema judizialerako beste itzultzaile neuronal bat sortzea eta euskaltegietarako ikas-plataforma integradua atontzea. Planak 4,6 miloe euroko hasierako aurrekontua dau.

Legebiltzarrean egindako agerraldian, planak bete beharreko hamar helburu be aitatu ditu Zupiria sailburuak. Honeek dira:

- Oinarriak jartea hizkuntza-teknologiak arlo estrategikoetan sartzeko eta adimen artifizialaren ekosistema sortzeko baldintzak egon daitezan.

- Lankidetzea eta koordinazinoa bultzatzea, sinergiak aprobetxau, ekintzak sinkronizau eta, azken batean, herritarrei zerbitzu publiko hobea emoteko.

- Itsasargi diran proiektuak bideratzea eta gauzatzea administrazino publikoak bultzatzaile dirala.

- Euskereak kalidadeko hizkuntza-teknologiak garatzeko behar dituan baliabideak sortu eta agente interesdun guztien eskura jartea.

- EAEko administrazino publikoa elebiduna izanda, garapen teknolinguistikoari jagokonez, gaztelaniaren eta euskerearen artean dagoan distantzia txikitzea.

- 2021-2024 aldian garatuko diran proiektuak jaso eta ezagutarazotea.

- Hizkuntza-teknologien eragin positiboa ikusgai egitea.

- EAEko hizkuntza-teknologien industrien sektorea indartzea, lankidetza publiko-pribadua bultzatuz eta indartuz.

- Adimen artifizialaren garapen jasangarria, integratzailea, segurua eta bidezkoa sustatzea eta beste hizkuntzetan dagozan tresnak (alkarrizketa-laguntzaileak, chatbot-ak...) euskaldunek be eskura izatea.

- Ekintza-planaren koordinazinorako eta jarraipenerako mekanismoak ezartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu