Alkargo profesionaletan euskerearen erabilerea bultzatuko dabe
2022-06-08 13:53 Euskerea berbagai13.000 laguni eragingo deutse egitasmoak.
Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Metropoli-30 erakundeak eta alkargo profesionalek bat egin dabe Elkargoak euskaraz goiburudun ekimena martxan jarteko. Profesionalen alkargoetan dabizanen artean euskerearen erabilerea bultzatuko dabe horren bidez, 2011tik Bilbao Metropoli-30 lantzen dabilen BasquePRO proiektuaren barruan.
Euskal Autonomia Erkidegoko 13.000 kide batzen dituen dozena bat alkargok hartuko dabe parte, oraingoz, ekimen barrian. Alkarlanean aurrerapen handiagoak egingo dituela uste dabe: euskalduntzeko eta euskerea sustatzeko prozesuak martxan jarteko danon artean egiteak lana errazten dau, eta, aldi berean, BasquePRO sarea indartzen da, jarduera konpartiduak tartean sartzen diralako, azaldu dabe Jaurlaritzako ordezkariek.
Elkargoak euskaraz egitasmoan dagozan alkargoetako kideek zerbitzu ugari ditue eskura, esate baterako, oinarrizko ezagutzak eskuratzeko prestakuntzea, terminologia zerbitzua, zalantzak argitzeko zerbitzua eta euskeraz lan egiteko tresnei buruzko informazinoa. Euskera eskolak be emoten jakez profesionalei.
Alkargoetan egiten diran aurrerapausuek gizartean be eragina dabela kontuan izan behar da. Izan be, proiektuagaz bat egin daben alkargoen artean dagoz abogaduena, injineruena, haginlariena, ekonomialariena eta kimikariena, besteak beste. Batzuk EAE osokoak dira eta beste batzuk herrialde jakin batekoak (Bizkaikoak gehienbat).
Bizkaiko Abogaduen Alkargoa, hain zuzen, aitzindaria da euskerea alor profesionalean bultzatzen, lau hamarkada daroaz horretan. Euren egoitzan izan da proiektu barriaren aurkezpena, Bilbon. 1980ko hamarkadan euskera eskolak emoten hasi ziran, gero abogadu euskaldunen lantaldea sortu zan eta orain euskera plana dogu indarrean, adierazo dau alkargoko dekanorde Maite Morillok. Hori guztia errazago egiten da, beti, bidelagunak izanda.
Bingen Zupiria sailburuak normalizazinoan aurrerapausuak egitea lehiakortasunerako be ona dala azaldu dau. Balio erantsia da, kalidadezko zerbitzua eskaintzen dauen enpresea dalako bezeroari zerbitzua bere hizkuntzan emoten deutsana. Talentua erakarteko eta eusteko be balio dau hizkuntzak kudeatzeak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, zera esan dau Lorea Bilbaok: behin lanerako saltoa eginda, euskeraz normaltasunez berba egitea ezinbestekoa dogu euskerearen erabilereak aurrera egingo badau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!