Barrutialde BHI eta Emakumeak Zientzian, II. Steam Sarietan irabazle

Bizkaie! 2022-06-08 13:14   Pil-pilean

Aurtengo deialdira 137 proiektu aurkeztu dira.

Emakumeak Zientzian proiektuko arduradunak, saria hartzeko momentuan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Steam Euskadi Sarien bigarren edizinoko sariak banatu ditue Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz buru izan dauen ekitaldian. Steam hezkuntzeagaz bat datozan proiektu barritzaileei bultzadea emon eta autortzea egiteko asmoz antolatzen da sariketa hau, kategoria bitan banatuta: ikastetxeena eta ganerako entidadeena.

Aurtengo saritu biak Busturialdeko Barrutialde BHI ikastetxea eta Emakumeak Zientzian izan dira. Euren kategorietako lehen sariak irabazteaz gan, genero ikuspegiaren saria be emon deutse horreei biei.

Giza gorputzaren mobimenduak, bizikleta baten pedalei eraginez, gailu elektronikoen bateria kargetako energia zelan sortu aztertu dabe Barrutialdekoek. Proiektuan, fisikea, estatistikea eta teknologiako ezagutzak landu ditue, bizikletak egokitzeko industria-diseinuko eta arotzeriako beste batzukaz buztartuta.

Emakumeak Zientzian egitasmoan, ostera, zientziaren eta teknologiaren alorreko 17 entidadek hartu dabe parte. Lankidetzan ibili dira dira hainbat kolektibogaz: ikasleak, irakasleak, familiak eta 55 urtetik gorako emakumeak. Helburua izan da emakumeek zientzian daben zereginaren inguruan kontzientzia zabaltzeko jarduerak atontzea.

Steam Euskadi Sarietan, irabazle nagusiez gan, bigarren sariak be emon ditue. Ikastetxeen atalean, Loiuko Urdaneta eskoleari emon deutse; ganerako entidadeen kategorian, Mondragon Unibersidadearen STEMotiv ekimenari.

Enpresa-inguruneko eta ingurune akademiko, zientifiko eta teknologikoko zortzi profesional egon dira epaimahaian. 137 proiektu aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta goian aitatutako lau sarituez gan, beste zortzi finalista be aukeratu ditue. Proposamen guztietatik 88k Steam Euskadi zigilua eskuratu dabe.

Steam Euskadi Sariek agirikotasuna emoten deutse euskal ikasleen trebakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzeko ekimenei, eta lortutako inpaktua, barrikuntzea eta emakumeak erakarteko gaitasuna hartzen ditue kontuan. Eusko Jaurlaritzearen STEAM Euskadi Estrategia izenekoaren barruan kokatuta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu