Ane Labaka: 'Arnasa gura badogu saretzea da bidea'
2022-06-13 07:55 BarriketanAne Labaka da II. Señora Sariketako pameladuna. Aner Euzkitze eta Ane Labaka Mayozek jokatu dabe buruz-burukoa.
Kanporaketa bakotxetik sailkatutako bertsolari bigaz batera kantau dabe gonbidatu bereziak izan diran señora biek be, Erika LagomaK eta Uxue Fernandezek. Horreekaz batera, oholtzan izan dira Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Aner Euzkitze eta Sarai Robles Vitas bertsolariak. Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses arduratu dira gaiak jarteaz eta Rosi Lazkanok kantau ditu propio jarritako bertsoak.
Aitatutako sei bertsolariakaz batera, glosadore emakume katalanek be kantau dabe finalean eta eurena izan da finalari hasierea emoteko ardurea. Danetara, zazpi glosadore etorri dira Señora Sariketea ezagutzera. Hareetatik hiruk kantau dabe hasierako agurra: Aurora Brullet, Laia Pedrol eta Berta Llos izan dira oholtzan.
Danetara, hamalau bertsolarik parte hartu dabe emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identidadeen ikusgarritasuna bilatzen dauen lagunarteko txapelketan.
1.- Zorionak Ane. Aurten II. Señora Sariketako pameladuna zarelako. Buruz burukoa Aner Euzkitzegaz kantau zenduan. Bera izan zan gogorrena ala beste bertsolariren bat nabarmenduko zeunke?
Eskerrik asko. Egia esan finaleko bertsolari danak ondo, serio ikusi nituan, asko disfrutau neban kantuan baina ez egoan jakiterik nork egin eikean aurrera. Saio polita egin genduan eta buruz burukora Aner sartzea ez zan ezustekoa izan, polito ibili zan hasieratik eta azken txanpa horretan gustora ibili ginan.
2.- Anerrek eta zeuk bota zenduezan agurreko bertsoak gustau jakuz eta zeurea nabarmentzearren, barruko mezua zein dan eskatuko deutsugu:
Bertsolaritza bihurtzekotan
arnastu daitekeen toki
irabazteak ez du zentzurik
ez bada kolektiboki
Bai. Hunkigarria izan zan. Kalejirea, herri bazkaria, finalean bertan, glosadore katalanak entzutea eta aitatu dozun agurra be nabarmenduko neukez, baita Rosi Lazkanok jarritako bertso idatziak be. Eta agurreko nire bertsoari jagokonez, egia da barruko mezua inportantea dala, Señora Sariketea be indar handikoa da eta nabarmendu gura izan neban lehiaren inguruan eta, bertso zirkuituak, txapelketak eta nahikoa itogarriak izan daitekezala eta arnasa gura badogu saretzea dala bidea, norberak maila personalean irabaztea baino maila koletiboan ibiltea dala bidea.
3.- Aner Euzkitzek Señora Sariketan parte hartzea zelan baloretan dozu?
Ondo. Atontzaileek erabagi zuzena hartu dabela eta datorren urtean be holakoak ikusi geinkezala pentsetan dot. Señora ez da emakumeentzako bakarrik, badago lekua hegemonikoak ez diran identidadeen ikusgarritasuna nabarmentzeko be. Sariketearen helburua be ez daigun ahaztu, ikusgarri egitea emakumeak eta bestelako emakume disidenteak, oholtzan behar beste leku ez dabenak; kritika edo parodia moduko bat be egin neutsan txapelketa sistemeari, lagunartekoari, geure arteko esperimentazinoari balioa emonez.
4.- Zorionak gauzak aldatzen doaz, emakume bertsolarien ahaldundutean sakondu, hartu-emonak sendotu eta bide barriak zabaldu...
Bai, horixe da bidea. Asko dago egiteko eta erresistentziak be badagozan arren, prest gagoz aurrera egiteko eta bide honi aspaldi ekin geuntsanean, geuretzako be ez zan erraza izan, giroak eta egoerak lantzen, zer aldarrikatu, zer ez, kritikak zelan egin eta holakoak jorratzen emon genduzan orduak. Gaur egun, barriz, Señora Sariketea be horren guztiaren adibidetzat hartuko neuke.
5.- Zer sentidu zenduan Pamelea jantzi eutsueneko momentua?
Ederra izan zan, magikoa. Amaia Agirre, igazko Señora pameladuna eta Elena Guinea Izan Iñurri taldekoak ipini eustielako Pamelea. Amaia Agirre lagun handia da, beti gagoz hartu-emonetan, bera izan zan bertso eskolan dakidan guztia erakutsi eustana eta Elena Guinea be tartean izatea zoragarria izan zan, ilusino
handia egin eustan ze badakit Iñurri alkartekoak lan handia egiten dabizela; Izan Iñurri taldea orain urte batzuk sortu zan Lasarte-Orian, nire herrian eta Julene Illaramendi eta June Cuerdo izan ziran sortzaile; Juleneren ama minbiziak jota hil zan eta giro horretan, zeozertxu egin behar zala pentsauta, Izan Iñurri sortzea erabagi eben, modu apalean baino ez bada be, minbizia ebenei laguntzeko. Gero eta gehiago zabaldu da euren jarduna eta hor dabiz bular bakarreko emakumeak ikusgarri egiten, bertso saio solidarioak atontzen, alkarlanean, dirua batzeko kanpainak bideratzen eta minbiziagaz lotutako gaiak jorratzen.
6.- Glosadore katalanak be hurreratu jatzuez aurten. Zer interesetan izan jake?
Niretzako oso berezia izan da. Oraintsu Uxue Alberdi eta biok Bartzelonan izan ginan Uxueren Kontrako eztarritik horren gaztelaniazko bersinoa Reverso, testimonios de mujeres bertsolaris liburua aurkezten eta han ezagutu genduzan glosadoreak. Esperientzia ederra izan zan, geurera etorteko proposamena egin
geuntsen, Señora Sariketea ezagutu eta disfrutauko ebela esan eta di-da erantzun euskuen, gustora etorriko zirala Euskal Herrira. Momentu berezia bizi dabe han, guk orain urte batzuk bizi genduan egoran dagoz, oraintxe dabiz emakume izateagaitik glosadoreak izan leikiezan traba eta zapalkuntzak aztertzen eta saretzeko beharraren aukerak lantzen.
7.- Egun pasa ederra bizi izan zenduen finalean, aurretik eta ondoren, kalejirea herri bazkaria... Ondo pasauko zenduen, ezta?
Bai. Goizean goizetik, kalejirea, herri bazkaria, hartu-emonak sendotzen, lagun taldea gara eta zazpi glosadore etorri baziran be, Aurora Brullet, Laia Pedrol eta Berta Llosek kantau eben hasierako agurra.
8.- Idazle be bazaitugu eta Leire Vargasen Dena ametsa den irudipena liburua ardatz hartuta, bertso-saio literarioa be egin dozue. Zelako esperientzia izan da?
Ona. Poemak, bertsoak dagoz oinarrian eta jatorrizko testutik beste sorkuntza batzuei aukerea edegiz, bertsoa eta literaturea hurreratu egin dira. Bertsoen gaiak liburutik hartutakoak dira: Oihana Aranak bidaia-proposamenak ekarri ditu barriak sortzeko eta tartean ibili gara Miren Amuriza, Leire Vargas eta neu.
Leire Vargas liburuaren egileak olerkiak errezitetan ditu eta, beraz, lau artista ezagun (emakume idazleak eta bertsolariak) poesiaren eta bertsoaren artean mundu biak jorratzen, oso gustora ibili gara.
9.- Susa argitaletxeak plazaratu ditu Ganbila antzerki bildumako liburu barri bi: Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek idatzitako Erradikalak eta Mikel Gurrearen Soka eta hiru egileakaz batera Oier Guillan bildumearen editorea be tartean zala. Zer da Erradikalak?
Erradikalak liburua da, azken bost urteotako ibilbidea dakarrena. Bea Egizabal ipuin kontalaria eta neu plazaz plaza ibili gara eta 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunakaz; 150 saio baino gehiago egin eta pentsau genduan polita izango zala liburu bat argitaratzea horren guztiaren barri emoteko; aitatu obra horreen gidoiak, pasadizoak eta enparauak idaztea sano positiboa izan da. Sormen prozesua zelakoa izan dan eta bestelako jakingarri batzuk be batu doguz, zer ikasi dogun, gogoetak eta holakoak.
Umoreari eutsiz, generoen arteko bardintasunik eza eta feministon kontraesanak be erakutsi doguz, hain zuzen be, saio horreetako gidoiak dagoz Erradikalak izeneko liburuan, egileek obreari buruz idatzitako testu bategaz eta Jule Goikoetxea Mentxakaren berbaurreagaz batera. Azaleko irudia, barriz, Malen Amenabarrena da. Hibridoa da lana, bertsogintzea eta clowna ardatz dituana.
10.- Danak ezagutzen zarie, sarean zabizie eta hori beti da positiboa...
Bai. Apropos gabiz sarean, bateren bat behar dogunean irudia egiteko badakigu nori eskatu edo berbaurrea egiteko. Eta geuri be zeozer eskatzen deuskunean, prest egoten gara laguntzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!