Saio bardindua espero dabe finalistek Gasteizen
2022-06-08 09:37 BertsolaritzeaSerapio Lopezek jantziko deutso txapela Arabako bertsolaririk onenari zapatuan.
Arabako Bertsozale Alkarteak dana dau prest zapatuan, hilak 11, jokatuko dan finalerako. Pandemiak behartutako atzerapenak ahaztuta, azken saiora helduko da 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketea, eta sei finalistek Gasteizko Europa Jauregian egin dabe agerraldia, finala jokatuko dan lekuan, euren aurreikuspenak eta asmoak azaltzeko.
Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu dira 2022ko finalistak. Seirek daben mailea eta esperientzia kontuan izanda eta kanporaketetan ikusitakoaren arabera, ez da erraza pronostikoak egitea. Final bardindua espero dabe bertsolariek, lehia handikoa.
Hiru parte-hartzailek badakie zer dan Arabako txapela janztea: Pereak lau aldiz irabazi dau txapelketea, Agirrek birritan eta Viñasprek behin. Igoarentzat laugarren finala izango da, Abarrategirentzat bigarrena eta lehenengoz heldu da fase honetara Amilburu.
Finalean, Arantxa Sobrino izango da aurkezlea eta Aintzane Irazusta gai-emolea. Epaile Aitor Jimenez, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Fernando Sopelana eta Manex Garaio ibiliko dira. Fase bi izango ditu saioak: lehenengo, sei bertsolariek hainbat ariketatan kantauko dabe; ondoren, puntuazino handiena daben bien arteko buruz burukoa jokatuko da.
Irabazleari Serapio Lopezek jantziko deutso txapela. Arabako bertsogintzan egin dauen ibilbide luzeari autortzea egiteko modua izango da. Izan be, 1980ko hamarkadan Araban bertso-eskolak bultzatzen ibili zan eta oholtza ganean be sarri ikusi dogu. 2017an jokatu eban azken aldiz Arabako Txapelketea Lopezek.
Txapelaz gan, udagoieneko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako leku bi egongo dira jokoan Gasteizko finalean. Sarrerak Bertso Sarrerak gunean erosi leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!