Euskadi Gastronomia Sariak emon ditue Gasteizen
2022-06-07 12:11 Jan edanakGastronomia gure gizartearen dinamoa dala esan dau Bingen Zupiria sailburuak.
Euskal sukaldaritzearen puntaren puntan dabizan profesionalen lana autortzeko asmoz emon ditue XVIII. Euskadi Gastronomia Sariak, Gasteizen egindako ekitaldian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gastronomiaren hainbat alorretan dabizan norbanakoak eta erakundeak saritu ditue, erakunde publikoetako ordezkariak bertan dirala.
Eusko Jaurlaritzeak ordezkaritza zabala bialdu dau Gasteizko ekitaldira, sariak emoten dituan erakundea dalako: Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuak, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Elikagaien Kalidade eta Industriako zuzendari Raúl Pérez. Euskal gastronomia gure gizartearen eta gure garapenaren dinamoetako bat da, adierazo dau Zupiriak.
Lau kategoriatan emon ditue Euskadi Gastronomia Sariak:
- Jatetxe jauberik onena: Edorta Lamo García de Albizu, Arrea! jatetxea, Kanpezu.
- Jangela zuzendaririk onena: José Luis Blanco Salazar, Zaldiaran jatetxea, Gasteiz.
- Kazetari lanik onena: Ana Vega Pérez de Arlucea.
- Argitalpenik onena: Luis Irizar, Maestro de Maestros.
Ganera, ekitaldia aprobetxau dabe Euskal Gastronomia Akademiaren sariak be emoteko. Hauxe da irabazleen zerrendea:
- Manuel Llano Gorostiza Saria, ardaoaren kultureagaz lotutako norbanako, alkarte edo instituzinoari: Ardoaren Kulturarako Fundazioa.
- Luis Irizar Saria, irakaskuntzeari: International School of Pastry Arts-Torreblanca Eskolea.
- Juan José Lapitz Saria, produktuei: Trujal La Equidad S. Coop.
- Euskal Gastronomia Akademiaren sari berezia: José Ramón Andés Puerta.
- José María Busca Isusi Saria, gastronomiagaz lotutako norbanako, produktu edo argitalpenari: Zapiain sagardotegia.
Kulturearen alorrean ez eze, gastronomiak ekonomian dauen pisua azpimarratu dabe ekitaldian. Bingen Zupiriaren arabera, sektore modura lekua hartu dau gure ekonomian, puntako eta kalidadezko zerbitzuak eta produktuak eskainiz; barrikuntzearen eta ikerketearen laborategi eta erreferentzia da; gure ekonomiaren beste sektore askori eragiten deutsala ukaezina da: nekazaritzea, arrantzea, ardaogintzea, turismoa, zientzia, teknologia, osasuna, kulturea...
Euskadi nazinoartean zabaltzeko tresna baliotsua da gastronomia, Zupiriaren ustez, eta, era berean, herri honen nortasuna eta tradizinoa jagoten dituan elementua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!