Mondragon Unibersidadea eta Bilboko Guggenheim Museoa bat eginda

Bizkaie! 2022-06-07 09:10   Pil-pilean

Motion, Autos, art, architecture erakusketan parte hartzen dauen euskal unibersidade bakarra da.

Erakusketea, automobilak arte-objektu lez aurkezten dituana, irailaren 18ra arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim Museoan. Unibersidadeak nazinoarteko beste 14 unibersidadegaz batera parte hartzen dau erakusketearen azken zatian: Future izenekoan: Mobikortasunaren etorkizunari eskainitako eremu horretan, lau kontinentetako diseinu eta arkitektura-eskolek mende honen amaieran mobikortasuna zerlakoa izango dan irudikatzen eta azaltzen dabe.

Motion, Autos, art, architecture erakusketeak ibilgailua ardatz daben hainbat erakusketa-eremutan, dudan jarten ditu arte-diziplinearen mugak. Norman Foster da erakusketearen komisarioa, Lekha Hileman Waitoller eta Manuel Cirauqui museoko kideakaz batera. Motion, Autos, art, architecture erakusketan hainbat eremu dagoz, ibilgailu jasangarriak, ibilgailu historikoak, kirol-autoak, proiektu utopiko eta futuristak... Bada AEBetako errepide amaibakoei eskainitako eremu bat, bai eta etorkizunari begira atondutako beste bat be. Erakusketa-eremu horretan, ikasle belaunaldi bat izan da gonbidatua, mende honen amaierako mobikortasuna zelakoa izango dan irudikatu deien, izan be, autoaren jaiotzearen bigarren mendeurrena ospatuko da mende amaiera honetan.

Horretarako, nazinoarteko 15 unibersidadek etorkizuneko mobikortasuna zelan irudikatzen daben azaldu dabe, mobikortasunaren etorkizunari buruzko ikuspegi eta proposamen bereziak eginez.

Mondragon Unibersidadea da erakusketa honetan parte hartzen dauen euskal unibersidade bakarra, lau kontinentetako beste 14 fakultadegaz eta diseinu eta arkitektura-eskolakaz batera, eta hori mugarri garrantzitsua da unibersidadearentzat, Goi Eskola Politeknikoaren ibilbidea eta esperientzia autortua izan dalako. Mondragon Unibersidadeagaz batera, Nafarroako Unibersidadea be hor dago.

Gainerakoak nazinoarteko fakultadeak dira, besteak beste: Yale, Massachusetts Institute of Technology (MIT), Tecnológico de Monterrey, University of Cape Town, Art Center Pasadena, Delft University of Technology, ETH Zurich - Gramazio Kohler Research, Hongik University, Politecnico di Milano, Royal College of Art, Tsinghua University, Umeå Institute of Design eta University of Tokyo.

Mobikortasunaren arloan etorkizuneko mundua aztertu dabe danek eta etorkizun horretarako proposamenak diseinau ditue. Maketa, ikus-entzunezkoak, 3D bistaratzeak eta bestelakoak ikasleen eta industriaren, diseinatzaileen, artisten eta arkitektoen artean egon dan lankidetzearen erakusgarri dira; eta automobilaren asmatzaileek orain ehun urte baino gehiago izandako zailtasunak gogoan izan ditue, besteak beste, uri-pilaketa, baliabide-eskasia eta kutsadurea, besteak beste. Proiektua museoko Future Galleryn bisitau ahal izango da, AIC-Automotive Intelligence Centerren babesari esker.

Ethos, tren adimenduna

Mondragon Unibersidadeak CAFegaz alkarlanean egin dau bere proiektua: Ethos tren adimendunaren kontzeptua diseinau dabe alkarregaz 2100. urterako, izan be, konsumo-jokera barriak datoz eta gure bidaiatzeko modua eta tren-industria barria; erronkeari aurre egiteko, etorkizun teoriko bat eregi dabe Mondragon Unibersidadeko Goi Eskola Politeknikoko Industria Diseinuko graduko ikasle Nerea Murillok tutoreak eta proiektuaren buru Maitane Mazmelak, Mondragon Unibersidadeko Diseinuko Graduko eta Masterreko ikasleek, DBZko Goi Eskola Politeknikoko Diseinu Industrialeko Zentroak eta CAFek, eta etorkizuneko trenaren garapenean espekulazino-aukera barriak aztertu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu