Ale barri bi Literatura Unibertsala sailean

Bizkaie! 2022-06-03 10:07   Kulturea

Publiko zabalagoa helburu, aldaketak egingo ditue bilduman.

'Todo modo' nobelearen azaleko irudia | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko literaturako obra esanguratsuak euskeraz be irakurri ahal izan daitezan, hamar urte daroez Literatura Unibertsala bildumea aberasten EIZIE eta Erein argitaletxeak, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz. Ale barri bi aurkeztu ditue: Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa eta Leonardo Sciasciaren Todo modo. Lehena Joxe Mari Berasategik itzuli dau eta bigarrena, Gaizka Ugaldek.

Liburu bion aurkezpenean bildumearen arduradunek azaldu dabenez, Literatura Unibertsala sailean aldaketak egitea erabagi dabe, ikutu barriagoa emon eta publiko barria erakarteko, batez be, irakurle gazteak gogoan. Bildumeak betiko helburuari eta funtzionamenduari eutsiko deutse, dana dala.

Aldaketa agirikoena azalaren diseinua izango da. Aurrerantzean, Alain Urrutia artisteak egingo ditu argitaratzen diran liburuen azalak. Ene anaia femeninoa eta Todo modo dira, hain zuzen, sortzaile bilbotarraren diseinua dakarren lehenengo argitalpen biak bilduma honetan.

Beste alde batetik, euskeratuko diran liburuak aukeratzeko orduan erabilten diran erespideak gaurkotuko ditue. Batez be, gaien eta autoreen aldetik bilduma askotarikoa izatea bilatuko dabe. Autore zuri eta europarren nagusitasuna apurtu eta beste jatorri edo kultura batzuetara begiratuko dabe, eta emakumeen lan gehiago be sartuko ditue.

Publiko zabalagoa lortu eta zabalkundea handitzeko, aurkezpen gehiago egingo ditue, eta bestelako ekitaldi batzuk atontzeko asmoa be badabe, adibidez, barriketaldiak eta mahai-inguruak.

Marina Tsvetaieva, Ene anaia femeninoa: Autorea poesian nabarmendu bazan be, liburu hau prosan idatzia dago, gutun forman. Lesbiana biren arteko maitasuna agirian ixten dauen eskutitza da. Batez be, ama izateko gogoaren inguruko gogoetea da. 

Lesbiana eta ama izatearen arteko loturak eta kontraesanak jorratu zituan Tsvetaievak obra honetan. Joxe Mari Berasategi itzultzaileak azpimarratu dauenez, orain dala ehun urte gaur-gaurko gaiak plazaratzeko gauza izan zan idazle errusiarra.

Leonardo Sciascia, Todo modo: Buruari eragiteko liburua, baina, era berean, dibertigarria begitandu jako Gaizka Ugalde itzultzaileari. Nobelea da hau, baina saiakerak, antzezlanak eta bestelakoak be idatzi zituan autore italiarrak, politikagintzan ibilteaz gan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu