Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' irakurriko dabe hilaren 8an Arriagan
2022-06-02 13:08 Euskerea berbagaiKlasikoen Irakurraldi Jarraituaren edizino honetan 200 bat lagunek hartuko dabe parte.
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dauen Klasikoen Irakurraldi Jarraituak gaur egungo euskerazko autorerik entzutetsueneko bat ekarriko dau plazara aurten, Ramon Saizarbitoria. Gaur-gaurko idazlea, baina klasikotzat be jo leiteke. Haren libururik ezagunenetako bat, Martutene, irakurriko dabe bagilaren 8an, Bilboko Arriaga Antzokian.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten daben ekitaldi jentetsua goizeko 08:00etan hasiko da, eta 14:00etan amaitu; hau da, sei ordu Martutene irakurten, txandaka eta geratu barik, hasi eta amaitu. Ordu asko diran arren, pandemia baino lehenagoko iraupenera ez dira bueltau oraindino eta, 2020an eta 2021ean lez, formatu murriztua izango dau irakurraldiak.
Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu bere liburuaren lehenengo esaldiak hilaren 8ko saioan. Ondoren, antolatzaileek aurreratu dabenez, 200 lagun inguruk hartuko dabe parte, txandaka. Mundu osoko 50 euskal etxetako jentea eta ikasle ugari be badagoz irakurleen zerrendan.
Euskarri digitala eta presentziala tartekatuko ditu irakurraldiak: gehienek Arriagan bertan irakurriko dabe jagoken zatia, baina euskal etxeek online egingo dabe bat eta Bilboko institutuetako ikasleek aurrez grabautako bideoak bialduko ditue.
Martutene 2012an argitaratu eban Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944). Bikote biren arteko hartu-emonak kontetan ditu, baina, hari nagusi horren atzean, gai ugari jorratzeko erabilten dau liburua autoreak: idazlearen lana, medikuntzea eta Euskal Herriko gatazkea, besteak beste.
Argitaratu zanetik hamar urtera, euskal literaturako liburu aitatuenen artean dago Martutene, kritikearen eta irakurleen babesari esker. Euskadi Literatura Saria irabazi eban. Ez da, baina, Saizarbitoriaren lehenengo liburu esanguratsua, aurretik plazaratu zituan Egunero hasten delako (1969), Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995) eta abar. 64ko Belaunaldiko kide, euskal literatura modernoaren aitzindaritzat joten da Saizarbitoria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!