Hizkuntzen Teknologiak aprobetxau behar dirala nabarmendu dabe Donostian

Bizkaie! 2022-06-02 11:19   Euskerea berbagai

Adimen artifizialaren alor barritzaileena danez, euskereak ezin dau atzean geratu.

Miramar Jauregian egindako jardunaldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hizkuntzaren Ekonomia Berriko Transizio Digital Eleaniztunari Buruzko Jardunaldia egin dabe Donostiako Miramar Jauregian, SEPLN alkarteak bultzatuta eta Eusko Jaurlaritzea eta EHUren Hitz zentroa laguntzaile dirala. Ehun lagun baino gehiagok hartu dabe parte.

Batez be, Hizkuntzearen Teknologiak diralakoak aztertu ditue jardunaldian, gaur egungo munduan dakarzen aukerak eta euskereak alor horretan aurrera egiteko egin beharreko pausuak. Izan be, adimen artifizialaren barruan alorrik barritzaileenen artean dagoz hizkuntzearen errekonozimenduagaz eta prozesamenduagaz lotutako teknologiak, jardunaldian azpimarratu dabenez.

Eskuragarri dagoan informazino digital gehiena ez dago egituratuta hainbat hizkuntzatan (idatziak edo berbazkoak), eta hori erronka bat da informazino hori ustiatu eta prozesau nahi dauen edozein erakunderentzat, azaldu dabe antolatzaileek. Beraz, hizkuntzea egon behar da gure ahaleginen erdigunean, Adimen Artifizialean.

Hazkunde betean dagoan sektorea bada be, European Language Equality proiektuak dino hizkuntza guztietan ez dabizala teknologia hori erritmo berean garatzen. Hortaz, euskereak ezin dauela atzean geratu ohartarazo dabe. Jardunaldian aztertu dabe zelan bermatu behar dan hizkuntzen biziraupen digitala eta zelan bihurtu eleaniztasuna errentagarri.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Alfonso Ureña SEPLNko presidenteak inaugurau dabe Donostiako topaketea. Enpresearen eta zientziaren munduko aditu ugari be egon dira.

Gizartea gero eta eleaniztunagoa eta teknologikoagoa dala esanez hasi dau berbaldia Bingen Zupiriak. Hizkuntzek alkarren ondoan bizi behar dabe, handiek eta txikiek; badago lekua guztientzat, eta gure obligazinoa da gure hizkuntza gitxituen transizino digital arrakastatsua bultzatzea eta gauzatzea. Erakundeen, ikerketa zentroen eta enpresen arteko alkarlana ezinbestekoa dala ganeratu dau sailburuak.

Eva Ferreira errektorearen ustez, hizkuntzen arteko zubiak eregi behar dira teknologia barrien bidez. Mundu globalean, muga fisiko eta linguistikoak lausotu egiten dirala azaldu dau, eta horren ondorio txarrak zuzendu behar dirala. EHUren Hitz ikerketa zentroa, hain zuzen be, ahalegin horretan erreferente dala dino.

Jardunaldia aprobetxau dabe, ganera, hizkuntza gitxituetan dagozan proiektu digital ugariren esperientziak erakusteko. Galiziako Nòs, katalanezko Aina eta euskerazko Gaitu, esate baterako. Parte-hartzaile guztiek nabarmendu dabe funtsezkoa dala hizkuntza askoren arteko garapen bateratua, transizino digital eleanitza arrakastaz egiteko eta hizkuntzen eta kulturen iraupen digitala bermatzeko.

Ondoren, bigarren saioan, hizkuntza industriak eta lankidetza publiko-pribadua jorratu ditue. Hirugarren atalean, ostera, Hizkuntza Teknologien ikerketaz egin dabe berba, Alfonso Ureñak gidatutako mahai-inguruan. Paradigma aldaketea behar dala esan dabe, teknologia barriek gero eta aukera zabalagoak emongo dituelako: ehun hizkuntza aldi berean itzultzea, irudien eta argazkien deskribapenak sortzea, antzezlanen gidoiak idaztea...

Dana dala, Hizkuntza Teknologien garapena neurri handi batean enpresa pribaduen esku dagoala ohartarazo dabe, eta hizkuntza txikietara eroateak oztopo asko dituala, jasangarritasunetik hasi eta konpontzen errazak ez diran ustebako hutsetaraino (adibidez, adimen artifizialak genero diskriminazinora jotea).

Jardunaldia amaitzeko, azken saioan, Adimen Artifizialean eta Hizkuntza Teknologietan lan egingo daben behargin gazteen formakuntzea eskatu dabe hainbat erakundetako ordezkariek. Euskerearen inguruko aurrerapenetan behar-beharrezkoak izango dira profesional onak: Arlo honetara talentua erakarteko bizgarriak behar dira; izan be, beste herrialde eta multinazional batzuk gogor dabiz talentu hori lortzeko lehian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu