EuskarAbenturea 2022 espedizinoa garagarrilaren 1etik 31ra

Bizkaie! 2022-06-02 09:17   Euskerea berbagai

128 gaztek euskerearen lurraldea zeharkatuko dabe oinez.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako (2022ko edizinoan diasporakorik ez!) 16-17 urte bitarteko gazteak euskal geografia, kulturea eta historia lagunartean ezagutzeko oinezko espedizinoa da EuskarAbenturea. 2018ko eta 2019ko udan izan ziran lehenengo edizinoak, EuskarAbentura izenari eutsiz eta irabazi asmorik bako alkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, barriz, pandemiak galarazo eta 2021ekoa be osasun larrialdiak baldintzatu eban. Baina 2022an EuskarAbentureak jatorrizko izakerea berreskuratu eta ibiltaria izango da barriro be: Mauletik Getxora arteko bidea egingo dabe 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago, horreetako 500 oinez.

EuskarAbenturazaleek aldean eroango dabe hilabeteko espedizinorako behar daben guztia, besteak beste, lozakua, kantinplorea, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta erropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dabe aterpe.

EuskarAbentura alkartea: irabazi asmorik bakoa eta euskaltzalea

Euskal Herriko bazter guztietako hamar gaztek osatzen dute EuskarAbentura Alkartea. Ia hiru urtez ibili ziran, boluntario gisa, izen bereko egitasmo honi formea emoten, harik eta 2018ko garagarrilean abenturea lehenengoz abiatu zan arte. Kide horreetako batzuek Ruta Quetzal izeneko espedizinoan parte hartu eben eta orduko haretatik gordetakoetatik sortu zan horren euskal aldaera bat martxan jarteko idea.

Helburuak eta baloreak

Errealidade linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastau eta hilebetez, Euskal Herria ezagutzen joango dira euskeraz bizi deien. Gure mendietan, kostaldean, erreketan, herri nahiz urietan gozau deiela; kantua, jantzak, negar, barre eta ames egin deiela; lagun barriak, ligoteoa, eztabaidak, besarkadak eta sortzea gura dau EuskarAbenturak eta hori guztia euskeraz jazo daitela. Horrenbestez, honakoak dira proiektuaren helburu garrantzitsuenak:

• Gazteen artean euskerearen erabilerea sustatu eta normalizetea.

• Gazte euskaldunen sare barri bat sortu eta elikatzea.

• Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen inguruko transmisinoa bermatzea.

Bestalde, EuskarAbentura esperientzia biziteak badakar, berez eta izatez, hainbat baloreren lanketea, besteak beste, parekidetasuna, alkarbizitzea, alkarrenganako errespetua, ardura eta alkar jagotea, bizi-ohitura jasangarri eta osasuntsuak edota turismo-eredu jasangarria.

2022ko parte-hartzaileak: Jzioquitarrak

Espedizino ibiltariak 2005 eta 2006 urteetan jaiotako 128 gazte hartuko ditu aurten. Esangura horretan, Euskal Herriko errealidade soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria dira eta interesgarria da EuskarAbentura esperientziak euren hizkuntza-ohituretan eragiten dituan aldaketak behatzea, izan be, urtez urte, horixe ikusten baita EuskarAbenturak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz martxan dauen ikerketeak.

Hautaketa prozesu bat gainditu ostean lortu dabe jzioquitar (espedizio kideek jasoten daben izena; Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu (glosatik) izateko bekea; espedizinoa doban baita eurentzat. Lan bat eta aurkezpen bideo bat bialdu ditue ezarritako epearen barruan eta Eusko Ikaskuntza nahiz PuntuEUS arduratu dira lan horreek balorau eta galbahea egiteaz.

128 jzioquitarrekin batera, Familia Urdina (elastiko urdina daroelako jantzita; jzioquitarrek elastiko laranjea daroe) osotzen daben 30 helduk be egingo dabe ibilbidea. Koordinatzaileak, begiraleak, medikuak, gaixo-jagoleak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak dira. Era honetako ekimenetan aldez aurretik trebatuak izan arren, hiru eguneko formakuntza berezia jasoko dabe eta hainbat protokolo nahiz erispide adostu eta finkatzeko.

2022ko ibilbidea


Euskerearen zazpi lurraldeak luze-zabal zeharkatuko ditue oinez. Maulen hasi eta Getxoraino, danetara 700 kilometro baino gehiago egingo ditue 31 etapatan, horreetatik 500 oinez. Tartean izango dira autobusez edota trenez egin beharreko kilometro batzuk.

Donejakue bideak erabiliz, Euskal Herriko zazpi uriburuak eta 35tik gora herri ez eze, UNESCOk Gizateriaren Ondare izentautakoak bisitauko ditue: Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak (euskeraz idatziriko aurreneko glosak), Ekain eta Santimamiñeko leizeak, Bizkaia zubia. Makina bat mendigain, solo, baso eta ibai igaroteaz aparte, Euskal Herriaren historian, ekonomian edota politikan garrantzitsuak diran lekuak ezagutzea da asmoa: Orreagako Kolegiata, Añanako Gesaltzak, Arditurriko meazuloak, Zugarramurdiko leizea, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur
Faktoria, Euskal Kostaldeko Geoparkea edota Gernikako Juntetxea.

Bidea oinez egiteaz aparte, aldiro-aldiro hainbat EuskarAbenturazaleren bisitea be jasoko dabe jzioquitarrek. Kasu batzuetan ezagunak izango dira eta beste batzuetan bisita instituzionalagoak, askotariko hizlariak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu