'Hotz emozionala' bideoklipa aurkeztu dau Postal Kolekzionistak-ek
2022-06-01 09:14 MusikeaMusikariez gan, Oihana Maritorena aktore eta jantzaria agertzen da.
Iñigo Asensiok gidatutako proiektu musikala da Postal Kolekzionistak eta Hotz emozionala bideoklip barriko zuzendaria be bera izan da. Tolosako lantegi batean grabau dabe izen bereko kantuan oinarritutako ikus-entzunezkoa, diskoan plazaratu eta urtebete ingurura. Korima Films etxeak produzidu dau.
Ikusi hemen.
Mina da bideokliparen oinarrietako bat, kasu honetan, hartu-emon luze bat amaitu ostekoa. Kantuan musikearen bidez Postal Kolekzionistak-ek sentimenduak azaleratzen dituan lez, bideoklipean jantzea da barrukoa kanpora ateratzeko bitartekoa. Fabrikearen handitasunak hoztasuna emoten deutso bideoari, baina tresna industrialen beroak egiten dau kontrastea.
Kantuan esaten dana jantzearen bidez adierazoteko, Oihana Maritorenagana jo dau Asensiok bideoklipean. Aktore eta jantzari donostiarra da bideokliparen protagonista eta erdigunea, musikariak be agertzen diran arren. Lehenago be, alkarregaz lan egindakoak dira Maritorena eta Postal Kolekzionistak.
Hotz emozionala abestiaren doinuen eta berben egilea Iñigo Asensio da. Jaioterrian, Tolosan, grabau dau bideoklipa, eta zuzendaritzan lagundu deutse Iñaki Gereñu argazki zuzendariak eta Goiuri Eceizak.
Bigarren diskoaren kantu batean oinarrituta dago Hotz emozionala bideoklipa, baina Asensiok aurreratu dauenez, hirugarren diskoa atontzen be hasi da. Ganera, Postal Kolekzionistak zuzenean entzuteko modua izango dogu hurrengo asteetan. Esate baterako, garagarrilaren 9an, Lizarran dabe hitzordua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!