Hizkuntzen kale neurketea jorratuko dabe XIV. Soziolinguistika Jardunaldian

Bizkaie! 2022-05-31 13:36   Euskerea berbagai

Bagilaren 22an da hitzordua, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Koldo Narbaiza, Mertxe Mujika eta Xabier Arauzo, jardunaldiaren barri emoteko agerraldian (argazkia: Soziolinguistika Klusterra) | Ikusi handiago | Argazki originala

Soziolinguistika Klusterrak Bilbon egingo dau XIV. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, bagilaren 22an, EHUren Bizkaia Aretoan. Egunotan ezagutu dogun ikerlana izango da egitarauaren ardatza, hau da, hizkuntzen kale erabilerearen 2021eko neurketea (irakurri hemen). Euskal Herriko kaleetan ze hizkuntza erabilten diran erakutsi dau azterlan horrek.

Jardunaldia urtero antolatzen da, euskerearen bizibarritzean funtsezkoak diran gaien inguruan eretxiak konpartidu eta gogoetea egiteko. Hizkuntzearen alorreko profesionalak, eragileak eta erakunde publikoak batzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusi Xabier Arauzok, Bilboko Udaleko Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak eta Soziolinguistika Klusterraren lehendakari Mertxe Mujikak aurkeztu dabe bagilaren 22ko hitzordua.

Oraintsu ezagutu dogun kale erabilerearen neurketeak euskerearen bizi-indarraren argazki barritua erakutsi deuskula azaldu dabe aurkezpenean. Bilboko jardunaldian, beraz, ondorioak atera eta etorkizunerako erronkak zehazten ahaleginduko dira. Dana dala, ondorio absolutu edo erabatekoak ez dira helburua.

Egitarauko saioak erabiliko ditue datuak interpretau eta ondorioak ateratzeko erraztasunak emoteko. Entzundakotik eta ikasitakotik hasita, parte-hartzaileek gogoeta barriak plazaratuko ditue. Izan be, uste baino elementu gehiago hartu behar dira kontuan: 1989tik 2021era erabilerea zelan aldatu dan badakigu, baina zelan aldatu dira testuingurua, kalea, hiztunen ezaugarriak? Zelan eragin dabe digitalizazinoak eta legeek?

Hori guztia aztertzeko asmoz, goiz eta arratsaldeko egitaraua atondu dabe bagilaren 22an. Berbaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak egongo dira, ahalik eta bizipen eta ikuspegi gehien konpartiduteko.

Irakurri egitaraua hemen.

Jardunaldian izena emoteko epea zabalik dago, Bilbora joango diranentzat zein saioak streaming bidez entzun nahi dituenentzat. Bagilaren 17an amaituko da epea. Prezio arrunta 50 euro da (bazkari eta guzti), baina 30 euroko prezio murriztua izango dabe ikasleek, lanbakoek eta Klusterreko bazkideek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu