Bizkaiko hondartzak prest udako denporaldiari ekiteko

Bizkaie! 2022-05-31 10:25   Pil-pilean

Bagilaren 1ean, eguaztenean, hasiko da.

Hondartzen udako denporaldiaren aurkezpena (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barrikuntzaz beteta dator Bizkaiko hondartzen 2022ko udako denporaldia, Foru Aldundiak azaldu dauenez. Bagilaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko dan denporaldian ez da pandemiaren eraginezko murrizketarik egongo, Getxoko hondartzek bat egingo dabe Aldundiaren garbiketa-zerbitzu orokorragaz eta ingurumena jagoteari arreta berezia emongo deutse.

Hondartzetako segurtasunaz eta garbitasunaz arduratuko dira 269 lagun. Ganera, hareatzarik jentetsuenetan hondakinak batzeko sistema barritzailea probauko dabe: eguzki-energiagaz dabizan papelontzi adimendunak, bertara botatako hondakinak trinkotu eta espazioa aurrezten dabenak. Horri esker, ontzi arruntetan baino sei-zortzi aldiz handiagoa izango da edukierea eta ez dabe hain erraz ganez egingo.

Aldundiaren arabera, hamaika hondartzatan jarriko ditue papelontzi adimendunak: La Arena, Ereaga, Arriatera-Atxabiribil, Plentzia, Gorliz, Bakio, Laidatxu, San Antonio, Laida eta Laga, Isuntza, Karraspio eta Arrigorri. Ontzietarako zein ganerako hondakinetarako papelontziak egongo dira.

Bestelako azpiegiturak be prest dagoz hondartzetan. Bihartik aurrera erabilgarri egongo dira 84 dutxa, 76 iturri edo garbitegi, ezintasunak dituenentzako sei iturri eta jesarleku bat. 1.920 metro egurrezko pasabide be ipini ditue.

Lagundutako bainu-zerbitzua be egongo da, aurten Bizkaiko sei hondartzatan: La Arena, Ereaga, Laidatxu. Plentzia-Gorliz, Isuntza eta Arrigorri. Erabiltzaileen artean estimu handia dauenez, barritasun batzuk dakarz. Batetik, irailera arte luzatuko dabe, eta, beraz, garagarrilaren 1etik denporaldia amaitu arte egongo da erabilgarri. Bestetik, BizkaiUp aplikazinoaren bidez hitzordua erreserbau ahal izango da.

Aurreko urteetan erabiltzaileen balorazino ona izan eben Bizkaiko hondartzek. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Jagoteko diputaduak, Amaia Antxustegik, kalifikazino onena daben elementuei eutsiko deutsela ziurtatu dau: Gure hareatzetako segurtasunaren aldeko apustua egiten segitzen dogu, 154 sorosle eta hondartzainen talde bategaz, eta garbiketa-estandar altuari eusteko, aurten egunero 91 profesional izango dira garbiketa-lanotan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu