Izaskun Arrue Kulturunea izango da Gasteiz Antzokiaren izena

Bizkaie! 2022-05-31 08:38   Euskerea berbagai

Arabako lehenengo andereñoa eta Gasteizko ikastolen bultzatzaile izan zan Arrue.

Kulturgintzearen eta sormenaren topagune izateko eregiten dabiz Gasteiz Antzokia uriko alde zaharrean, eta laster zabalik egongo da. Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakitera emon dauenez, Izaskun Arrue Kulturunea izena izango dau azpiegitura barriak, euskalgintzearen aitzindarietako bati omenaldia egiteko.

Irakaskuntzeari lotutako ibilbidea egin eban Izaskun Arruek. 1927an Nafarroan jaioa, 1960ko hamarkadan heldu zan Gasteizera. Uria industrializazino eta hazkunde bete-betean egoan, baina, diktadurearen sasoietan, euskerea guztiz baztertuta egoan. Egoera horretan ekin eutsan Arruek lan isil baina gogotsuari.

Gasteizen ikastolak sortzeko prozesuan bultzatzaileetako bat izan zan. Eskolak be emoten zituan, eta horri esker, uriko ume batzuek euskeraz ikasi ahal izan eben, ordura arte ezinezkoa izan zan aukerea. Horregaitik, Arabako lehenengo andereñoa izan zala esan leiteke. Lehenengo klaseak bere etxean emon zituan, Zerkabarrena kalean. Gero, Olabide Ikastolearen hasierako pausuetan ezinbestekoa izan zan.

2016ko zemendian hil zan Arrue, eta urte haretako Euskerearen Egunean omenaldia egin eutsan Gasteizko Udalak. Gorka Urtaran alkateak Arabako lehenengo andereñoaren ekarpena gogoratu eta emakume aitzindaria eta ausarta zala adierazo dau.

Gasteiz Antzokiari Izaskun Arrueren izena emotea, hortaz, hari omenaldia egiteko modua da: Keinu honen bidez, eskerrak emon nahi deutsaguz Izaskun Arrueri gasteiztarren belaunaldi barriei hizkuntza transmitiduteko erakutsi eban konpromisoagaitik eta egindako ahaleginagaitik. Izaskun Arrue Kulturunea, ilusinoz beteriko azpiegitura hau, euskerearen bizgarri izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu