Jaizkibel, zerumuga anitza eta kolorez betea

Amaia Larruzea 2022-05-31 08:02   Ibilian-ibilian

Baso artetik lur zabalera urtetean, itsasoaren kresala sumatuko dogu.

Errealidade asko eta ezbardinak leku berean. Gipuzkoaren eta Iparraldearen artean topauko dogun mendi honek historia zabala eta hainbat berezitasun ditu bere baitan. Muga fisikoa alboan, ez, ostera, sentimenduzkoa. Pasaian hasi eta Hondarribira bitartean hedatzen da Jaizkibelgo mendilerroa, Lezoko inguruak be barruan hartuz. Garaieraz ez da oso handia, baina bere ikuspegiaren edertasunak eta inguruan dituan bideek merezimendua zor deutse zelanbait. Izendapenak be makina bat ditu, natureari egiten deutsan ekarpenari jagokonez.

Tontorrean antena batzuk ditu, edonondik ikusi daitekezenak. Pirinioen hasierea dogu inguru hau, ozeanotik hasita, hain zuzen be, Higer lurmuturrean. Hementxe hasten da horren kuttun dodan Transpirenaika, hau da, Pirinioak alde batetik bestera zeharkatzeko bidea: Hondarribian hasi eta Cap de Creus arte. Ez hori bakarrik, Donejakue bidea be hemendik pasetan danez, ohikoa da erromes pilo bat ikustea inguruotan. Bestalde, bizikletaz egiteko hainbat bide dagoz hemen, eta hori gitxi balitz, blokeko eskaladearen erdiguneetako bat dogu Jaizkibel.

Hortaz, ibilbideak zenbatgura eta nongura doguz inguru honetan. Historian barrena abiatu ezkero, hirugarren eta azken guda karlistan (1872-1876) Jaizkibel mendia hainbat harresigaz inguratu ebela jakingo dogu. Guadalupeko Amaren santutegitik hur dagoana da ezagunena, baina badagoz beste hainbat be, San Enriquekoa, tontorretik hurren, eta Lord John Hayena, Pasaiatik ez oso urrun. Ganera, historiagaz lotutako torreak be badagoz, bost bat.

Orain bai, goazen ba geure ibilbidean aurrera. Guadalupeko Ama Birjinearen santutegira igongo dogu, bertan aparkaleku txikitxu bat dago, eta subertea izan ezkero autoa ixteko lekua. Bertatik, ibilbideren lehen ikuspegi ederraz gozau ahal izango dogu, sekulako begiratokia baitago. 198 metrora dagoan leku honetatik, bide bi izango doguz Jaizkibelera igoteko. Eskumatara dagoana errepidea da, orduan ezkerretara eta erdian doguzanak aitatuko doguz guk. Ezkerrekoa Lezo eta Pasaia aldera doa, baina jarraian mendi bidean sartzeko aukerea emoten deusku, gerora, eskumara doazan bidetxuak izango doguzalako tontorrera bideratu ahal izateko. Erdikotik, barriz, pista gehiago izango doguz, ohikoagoa da bide hau.

Dana dala, niri ezkerrekoa gehiago gustetan jat, baso itxurakoa dalako, baina kontuan izan gero eskumarantz jo beharko dogula, bestela ezingo gara Jaizkibelera heldu. Ez dago estaldura askorik inguru honetan, ganera Frantziako seinalea sartzen da, beraz, eroan ibilbidea deskargauta edo bertakoei galdetu. Ederra da momentu batez berba eta ezagutzak konpartidutea, asko ikasten da holan, egia esan.

Beraz, eskumarantz egin eta gorantz ekin deutsagu. Baso artetik lur zabalera urtetean, itsasoaren kresala sumatuko dogu. Lehen aitatutako karlisten gudako erreferentzia diran harresiak pasauta, Santa Barbarako torrera jo eta errepidea bertaraino heltzen dala ikusiko dogu. Beraz, handik azken igoereari ekingo deutsagu, bertikaltasun horrek emongo deusku ikuspegirik onenetako bat. Ibilbide zoragarria da: Pasaia, Donostia, Hondarribia, Hendaia, Lapurdi, Larrun... Aiako Harria be gozagarri izango dogu!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu