Martxan da Aste Berdea Getxon
2022-05-30 13:42 Pil-pileanEuropako Hitzarmen Berdea da aurtengo gaia.
Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruko kontzientziazinoa zabaltzeko asmoz, Aste Berdea egiten dabiz Getxon, gaur, maiatzak 30, hasi eta bagilaren 5era arte. Udalak azaldu dauenez, aurtengo egitarauaren gai nagusia Europako Hitzarmen Berdea da, Europar Batasunean ekonomia moderno, eraginkor eta lehiakor sustatu nahi dauen ituna, 2050erako berotegi-efektuko gasen isurketak guztiz ezabatuta eta atzean inor itxi barik.
Europako Itun Berdeak ongizatea areagotuko dau eta herritarren eta etorkizuneko belaunaldien osasuna hobetu, klimearen aldetik neutroa dan lehen kontinentea izatea lortzeaz gain, azaldu dau Joseba Arregi Uri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalidadeko zinegotziak. Asmo hori gizarteratzeko, Getxon jarduera ugari egingo ditue asteon: ekonomia zirkularraren, zero kutsadurearen eta biodibersidadearen inguruko askotariko ekintzak egingo dira, Aste Berdea ikasteko gune izatea nahi dogulako, egungo arazoetatik ikasi, horreek zelan konpondu jakin eta planetea jagoteko aholkuak emoteko.
Aurtengo edizinoko barrikuntzen artean, Haur bat, zuhaitz bat aitagarria da. Udalak konpromisoa hartuko dau Getxon jaioten dan edo adoptetan dan ume bakotxeko arbola bat landatzekoa. Zure landareak adoptatzen ditugu. Landareak zaintzen gaituzte; gure txanda da orain izeneko jarduerea be egingo dabe Aste Berdean, etxeetatik kentzen diran landarak batu eta birlandatzeko.
Maiatzaren 31n eta bagilaren 1ean, ostera, birziklautako plastikozko poltsen dobako trukea egingo da Areetako Geltokia plazako eta Algortako Geltokia Plazako edukiontzi horietan hondakinak ixten dituen guztiakaz. Era berean, Iñaki Aguinagak hondartzetan topautako materialakaz sortutako eskulturak ikus ahal izango dira Algortako Kultur Gelan, Romo Kultur Etxean, Fadura eta Gobela kiroldegietan eta udaletxean.
Ibilaldi eta urteerak be badakarz Aste Berdeak. Bagilaren 3an, Abraren ingurumen-historia ezagutu ahal izango da itsasontzian, edo familia guztiarentzako bizikleta txangoa egin. 4an, mendirik mendi ibiliko dira, Martiartu eta Boluen; eta gaueko beste ibilaldi bat udalerriko bide eta bidezidorretatik; 5ean, martxa nordikoa egongo da kostaldean, beste urteera bat landarak ezagutzeko eta geologia ardatz dauen beste bat Azkorriko hondartzan.
Kayakean be urtengo dabe, hilaren 4an, uretan dagozan hondakinak batzeko. Beste jarduera batzuen artean, aitatzekoak dira Hodei magoaren ikuskizuna, hegaztiei eraztunak ipinteko saioa, tailerrak eta birziklatzearen inguruko jokoak.
Egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!