Udako oporren aurretik, indartsu dator Darabilbo

Bizkaie! 2022-05-30 11:21   Euskerea berbagai

Tailerrak, ibilaldiak eta kirola dakarz bagileko agendeak.

Bilbon euskerazko aisialdirako aukerak emoteko asmoz hilero-hilero atontzen dabe Darabilbo uriko euskaltegiek eta Udalak. Udan, baina, deskantsau egingo dabe, eta, beraz, bagilekoa izango da ikasturteko azken agendea, eta irailean bueltauko dira. Hortaz, jarduera piloa dakarz Darabilbok oraingoan, kirolagaz eta bizimodu aktiboagaz lotuak horreetako asko.

Ohiko moduan, Darabilboren ekintzetan parte hartzea doban da, baina aurretiaz izena emon behar da (hemen). Era askotako jarduerak egoten dira aukeran, baina ezaugarri batek batzen ditu: danak dira euskeraz.

Bagilean, Kirola eta Natura egitasmoaren barruko ibilaldi bi antolatu ditue. Bata, Zierbena inguruko Luzuero mendian eta lurmuturrean izango da; bestea, Zumaian, hango flysch ikusgarrian. Taldeka zein bakarka emon leiteke izena. Garraioa norberaren esku egongo dala ohartarazo dabe Darabilboko arduradunek.

Otxarkoaga auzoko jaietara be helduko da Darabilbo bagilaren lehenengo egunetan. Kakorratz Gerrilleak bere lehenengo ekintzea egingo dau: Ugarte plazea mozorrotuko kakorratzez egindako lanakaz. Darabilboren tailerretako kideek sortu dabe Kakorratz Gerrillea.

Kirolagaz lotutako jardueren artean, ipar martxea zer dan jakiteko ikastaroa egongo da hilaren 15ean, eta 18an Big sup (paddle surf erraldoia) egingo dabe itsasadarrean. Bigarren ekintza honetan, 16 eta 25 urte bitarteko gazte euskaldunei lehentasuna emongo deutse izena emoteko orduan.

Jarduera lasaiagoak nahiago dituenenek be izango dabe non aukeratu. Esate baterako, Rekalde Aretora joango dira Darabilbokoak 14an, Irantzu Yaldebereren erakusketea ikusten. 16an, kardatze tailerra egongo da, Artilea Mundura ekimeneko Rakel gidari dala. 17an, Otxarkoagan, Mari Luz Esteban idazlearen Andre zaharraren manifestua liburuaz egingo dabe berba, autorea bertan dala.

Darabilbori uda ostera arte agur esateko, Zorrotzatik Olabeagara arteko bisita gidatua egingo dabe bagilaren 21ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu