Izaro Bilbaok irabazi dau Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea

Bizkaie! 2022-05-30 08:47   Bertsolaritzea

Bat-bateko eta idatzizko finaletan, 200 bat gazte batu dira Larrabetzun.

Izaro Bilbao, Larrabetzun (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko bertsolaritzearen jai handia egin dabe Larrabetzun asteburuan, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatuta. Eskolarteko Txapelketako finalak jokatzeko aprobetxau dabe ospakizuna, eta, hortaz, 200 gazte inguru batu dira, bertsoen bidez gozetako prest. Idatzizkoan hartu dabe parte gehienek, baina zortzik bat-bateko finalean kantau dabe.

Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin dabe finalistek, eta bakarka gaiari erantzun deutse gero. June Diaz eta Izaro Bilbao pasau dira buruz-burukora, hor puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan deutse. Epaileen ebatziaren arabera, Izaro Bilbao da aurtengo txapelduna, eta June Diazek bigarren lekuagaz konformau behar izan dau.

Beste sei finalistak honeek izan dira: Haizea Telleria, Kelmene Abaitua, Jokin Ansotegi, Araitz Katarain, Naia Martin eta Maialen Lago. Etxahun Lekue be saioan izan da, eta bera arduratu da Izaro Bilbao irabazleari txapela jazteaz.

Txapelaz gan, Izaro Bilbaok Euskal Herriko finalean kantetako eskubidea irabazi dau, baita June Diaz bigarrenak be. Beste herrialdeetako bertsolari gazteakaz kantauko dabe final handi horretan, Iurretan, bagilaren 18an.

Idatzizko atalean, ostera, pilo bat sari emon ditue, edadearen arabera. Bizkaiko eskola ugaritatik heldutako gazteak jo eta ke ibili dira bertsoak idazten eta, azkenean, holan geratu da palmaresa:

LH 5

1. Saria: Aretx Elizaran. Urretxindorra Ikastola
2. Saria: Maddi Igeregi. Ander Deuna Ikastola
3. Saria: Manex Bollar. Urregarai Herri Eskola

LH 6

1. Saria: Aiala Bilbao. Lauaxeta Ikastola
2. Saria: Emile Zabala. Larramendi Ikastola
3. Saria: Olaia Calvo. Berakruz Ikastola

DBH1

1. Saria: Peio Benito. Andramari Ikastola
2. Saria: Ekhi Zuluaga. Arratia BHI
3. Saria: Jare Azkona. Derioko institutua

DBH2

1. Saria: Maddi Aurtenetxe. Urritxe BHI
2. Saria: Imanol Kamaletxebarria. Arratia BHI
3. Saria: Nahia Ruiz de Arbulo. Zalla BHI

DBH3-DBH4-Batxilergoa

1. Saria: Arai Etxebarria. San Nikolas Ikastola
2. Saria: Anitz Arronategi. Seber Altube Ikastola
3. Saria: Nahia Bilbao. San Nikolas Ikastola

Idatzizko modalidadeko irabazleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu