Manex Agirre, bigarren finalaurrekoa irabazita, finalera

Bizkaie! 2022-05-30 08:14   Bertsolaritzea

Oihane Perearentzat izan da lehenengo finalaurrekoa.

Manex Agirre, Izarran (argazkiak: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurreko biak asteburu berean jokatu dira. Lehenengoan, Oihane Perea izan da nagusi; bigarrenean, Manex Agirre. Finalean parte hartzeko eskubidea emon deutse horrek. Beste finalistak nortzuk diran puntuen arabera erabagi da: Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu, Peru Abarrategi eta Xabi Igoa.

Zapatuan izan zan lehenengo finalaurrekoa, Araian. Epaileen puntuazinoaren arabera, Oihane Perea izan zan onena (354) eta Unai Anda bigarren (341). Maddi Agirre, Arabako Eskolartekoa irabazi barri heldu zan saiora, eta hirugarren egin eban (331). Laugarren Asier Otamendi (329), bosgarren Andere Arriolabengoa (323,5) eta seigarren Felipe Zelaieta (318,5) izan ziran.

Bigarren finalaurrekoa, ostera, Izarran jokatu zan, domekan. Manex Agirrek 368,5 puntu batu zituan, fase honetan gehien, baina bigarren sailkatua, Peru Abarrategi, ez eban urrun izan (364). Xabi Igoari 359 emon eutsezen epaileek, eta Iñaki Viñaspreri, 358,5. Paula Amilburu izan zan bosgarren (354,5) eta seigarren Rikardo Gonzalez de Durana (329).

Fase honetako saio bietan, Fernando Sopelana, Mikel Fernandez de Arroiabe, Egoitz Iradier eta Aitor Jimenez izan dira epaileak.

Aurtengo edizinoko finala bagilaren 11n jokatuko da, 17:30ean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu aretoan.

Oihane Perea kantuan, Araiako saioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu