Literatura unibersala euskeratzeko deialdia egin dau EIZIEk

Bizkaie! 2022-05-27 13:25   Euskerea berbagai

Karel Čapek, Ama Ata Aidoo eta Elsa Moranteren obra bana itzultzea da helburua.

Karel Čapeken liburuaren txekierazko edizino bateko azala | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko idazleen liburuak euskerara ekarteko eta Literatura Unibersala bildumea aberasteko EIZIEk antolatzen dauen lehiaketearen 2022ko deialdia martxan da. Parte hartzeko interesa daben itzultzaileek bagilaren 29ra arteko epea dabe aurten egindako hiru proposamenetako baten lagina bialtzeko. Irabazleari diru-saria emongo deutse, liburu osoa euskeratu deian.

Hiru liburu dagoz aukeran aurtengo deialdian, hautagai bakotxak nahi dauena aukeratzeko. Lehenengoa, Karel Čapek txekiarraren Válka s mloky (1936) da. Txekierazko XX. mendeko idazle handienetako bat izateaz gan, robot berbea asmatzeagaitik da ezaguna Čapek.

Bigarren proposamena Ama Ata Aidoo ghanarrak ingelesez idatzitako Our Sister Killjoy da, 1977koa. Afrikarren eta emakumezkoen ikuspegia ezagutzeko autore aproposa da. Bere lanetako askotan emakumeen estereotipoari aurre egiten deutsen personaiak erabilten ditu. Mendebaldeko eta Afrikako ikuspuntuen arteko tensinoak be ohiko gaia dira, baita kolonialismoaren efektuak be.

Hirugarrenik, Elsa Morante italiarraren L'isola di Arturo (1959) itzultzeko proposamena be badakar lehiaketeak. Bere esperientzietan oinarrituta, Morantek gai ugari landu zituan bere nobela, olerki, narrazino eta abarretan.

Irabazleak aukeratzeko, hiru kideko epaimahaia egongo da. Eusko Jaurlaritzeak, itzulpenok argitaratuko dituen argitaletxeek (Erein eta Igela) eta EIZIEk kide bana aukeratuko dabe. Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dabe EIZIEk eta itzultzaileak, eta lan hori argitaletxe batek plazaratzeko baimena emongo dau irabazleak.

Argibide gehiago jakin, oinarriak irakurri eta hiru testuen laginak eskuratu nahi izan ezkero, begiratu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu