Aurreikuspenak txiki itxi ditu Begoñako Argia proiektuak
2022-05-27 12:37 Pil-pileanBilboko Udalak bigarren faseari ekiteko finantziazinoa emongo dau.
2021eko urrian hasi zan Begoñako Argia proiektua, Begoñako kanposantuan dagozan objektuak eta gorpuzkiak azaleratu eta inguru haretako memoria historikoa berreskuratzeko asmoz. Orain arte, ia 3.000 lagunen gorpuak topau ditue, baita XIX. eta XX. mendeetako gerretako hobi komun handiak eta material ugari be. Proiektuaren arduradunek azaldu dabenez, aurreikusitakoa baino gehiago agertu da lur azpian.
Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan agertu dan Gerra Zibileko hobi komunik handiena izan dau gordeta Begoñako kanposantu zaharrean. Horri esker, desagertutako miliziano eta gudari asko identifikau eta euren gorpuak familien esku itxi ahal izan ditue. Gerra Karlistetako 1836ko hobi komun handi batek be datu asko emon ditu gatazka haren ganean.
Aranzadi Zientzia Alkartea dabil prozesu guztia gidatzen, hiru aditu zuzendari dirala eta 14-17 laguneko lantaldeari esker. Unibersidade ugaritako ikasleek be egonaldiak egiten ditue Begoñan, era horretako indusketa batean parte hartzeko aukera parebakoa dalako.
Begoñako Argiaren bigarren eta azken faseari ekiteko ordua heldu da, eta Bilboko Udalak erabagi dau 570.000 euro emotea Aranzadiri, lanean segidu deian. Hortaz, hasieran aurreikusitako aurrekontua handitu da, agertu diran aztarnak uste baino ugariagoak diralako.
Oraindino 2.100 personaren gorpuzkiak azaleratu behar dirala kalkulau dabe Aranzadikoek, orain arte agertu diran ia 3.000 horreez gan. Kontuan izan behar da, lanean hasi aurretik, danetara mila gorpu inguru egongo zirala pentsetan ebela. Logistika aldetik be, ahalegina uste baino nekezagoa izaten dabil, 2,4 metroko sakoneraraino heldu dira eta.
Honenbestez, bigarren fasean, espero dabe falta diran gorpu guztiak ateratzea eta dokumentazino guztia amaitzea. Ondoren, agertutako datu guztien azterlan zehatzagoak egin ahal izango dira, eta aberastasun hori guztia gizarteratu.
Orain arte be, Begoñako kanposantuan agertutakoaren zabalkundea egiteko jarduera ugari egin ditue. Herritarrentzat, bisita gidatuak, berbaldiak eta erakusketak egon dira, besteak beste. Arte Eder Fakultadeko ikasleek, ostera, esku-hartze artistikoa egin eben.
Alde zientifikoagoari jagokonez, orain arte egin diranen artean dagoz kanposantuaren hiru dimensinoko erregistroa, dokumentazino grafikoa zein idatzizkoa eta ondare arkitektonikoaren inbentarioa.
Hurrengo hileetan be, herritarren zein zientzialarien intereseko jarduerak egiten segiduko dabe. Bisitaldi gidatuek eragin daben interesa dala eta, bagilean eta garagarrilean gehiago egingo dirala aurreratu dau Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!