Ikus-entzunezkoen Legean hizkuntza gitxituek ia ez dabela lekurik dino Kontseiluak
2022-05-27 09:53 Euskerea berbagaiBeste eragile batzukaz batera, protestea egin dau Madrilen.
Espainiako hizkuntza gitxituen geroan Ikus-entzunezko Lege Orokor barriak izango eban eraginaz ohartarazo eban Kontseiluak orain dala egun batzuk, eta euskerea eta beste hizkuntza batzuen lekua bermatzeko neurriak eskatu. Atzo, eguena, Madrilgo Diputaduen Kongresuan onartu zan testuan, baina, espainierea ez diran hizkuntzen eskubideak ez dirala kontuan hartu salatu dabe hainbat taldek. Bardintasunerako aukerea galdu da, dino Kontseiluak.
Kongresuan egin dan eztabaideagaz bat eginez, Madrilen, protestea egin dabe eraikinaren kanpoaldean eragile ugarik, Hizkuntzen bardintasuna ikus-entzunezkoetan lemapean. Euskerearen ordezkaria Kontseiluko Paul Bilbao izan da. Galizierearen (A Mesa), katalanaren (Plataforma per la Llengua, Ómnium, ACPV, Escola Valenciana eta FOLC) eta asturierearen (Iniciativa pol Asturianu) aldekoak be egon dira.
Alkarretaratzean salatu dabenez, lege barriak hizkuntzen alorrean dakarzan pausuak txikiegiak dira, eta ez dira nahikoak izango ikus-entzunezkoetan presentzia duina bermatzeko. Zinez uste dogu legeak gure hizkuntzak ikusbakotuko dituala pantailetatik, are gehiago, eskubideen urraketea betikotuko da, azpimarratu dabe.
Gogora ekarri dabe hizkuntza txikien aldeko eragileek proposamenak egin dituela eta negoziazinorako prest egon dirala legea idazteko prozesuan, baina ahalegin horrek ez dauela emoitzarik ekarri. Entzungor egin jako gure eskaereari. Alderdi politiko batzuek be egin ditue hizkuntza aniztasunaren aldeko proposamenak, gehienak alferrik.
Hizkuntza gitxituen lekua % 0,35 eta % 2,55 artean ezarri dau legeak, eta hori ez da inondik inora be nahikoa, Madrilgo alkarretaratzean azaldu dabenez: Hizkuntza-aniztasuna bermatzeko asmoz ezarriko diran kuotak testimonialak dira. Orain arteko legeak gaztelaniaren presentzia baino ez eban bermatzen, eta lege barriagaz be, hobekuntza nabarmenik ez da egongo.
Kongresuan onartu dan testuagaz ez dagoz konforme hizkuntza txikien aldeko eragileak, eta lanean segiduko dabela agindu dabe. Ez dira aurreikusitako helburuak bete, baina guk lanean segiduko dogu gure hizkuntzetan biziteko baldintza egokiak sortzeko, bai eta gure hizkuntzek espazioak irabazi deiezen be, tartean, pantailak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!