Iurretan izango da Euskal Herriko Eskolarteko finala, bagilaren 18an
2022-05-27 08:24 BertsolaritzeaHerrialdeetako txapelketetako onenek kantauko dabe.
Bagilaren 18an egingo dabe 2022ko Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Iurretako frontoian, Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatuta. Oinak buruan lemapean, ondo pasetako aukerea izango dabe 14 eta 18 urte bitarteko gazteek, alkar ezagutu eta bertsotan jentaurrean egiteaz gan.
Goizeko 11:30ean hasiko da saioa. Bakarkako zein binakako ariketak egin eta gero, buruz burukora helduko dira puntuazinorik handiena batu daben biak. Azken bertsoak kantau, eta aurtengo irabazlea zein dan jakingo dogu. Ondoren, mokadua emongo deutse parte-hartzaile guztiei. Publikoarentzako sarrerak erosteko, hemen.
Urtero lez, Euskal Herri guztiko gazteak batuko dira Iurretako finalean. Eskolarteko bost txapelketa dagoz, lurraldearen araberakoak, eta bakotxeko onenak joango dira Euskal Herriko saiora. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko bertsolariak entzun ahal izango doguz beraz.
Oraindino ez dago zehaztuta Euskal Herriko finalean kantauko daben bertsolari guztien zerrendea, lurraldeko final batzuk jokatu barik dagozalako: Bizkaikoa zapatuan, maiatzaren 28an, egingo dabe; Ipar Euskal Herrikoa, bagilaren 4an.
Gipuzkoatik hango txapeldun June Aiestaran eta bigarren sailkatu Jon Mendiluze izango dira Iurretako finalean. Arabako ordezkariak Maddi Agirre irabazlea eta Danel Herrarte bigarrena dira, eta Nafarroakoak, Beñat Astiz txapelduna eta Eki Mateorena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!