Julen Nafarrate: 'Getxon be badagoz LGBTI+ persona nagusiak'
2022-05-30 07:55 BarriketanGetxoko LGTBI+ diran persona nagusien errealidadeak eta bizipenak ezagutu eta jorratzeko 'Gu ere bagara' proiektuari ekin deutse Julen Nafarratek eta Ines Bermejo artisteak, Getxoko Udalaren sormen bekearen laguntzeari esker. Arte erakusketea atontzeko amesa be badabe baina aurretik prozesu luzea dago. 65 urtetik gorakoak topau eta euren bizipenak kontau beharko dituelako.
1.- Gu ere bagara, zer gara gu, nor gara gu?
Gu geu gara. Proiektuari jarri deutsagun izenburua da eta emoten dau bai olgetarako aukerea. Ez da kasualidadea ze gero eta gehiago egiten da berba LGTBI+ komunidadeari buruz. Antzemon dogunagaitik estereotipoak eta ez dira baztertu eta heziketa batekoak, bazterreko guztiak, persona nagusiak hortik kanpo geratzen dira, gehienetan gazteakaz lotuta, estetika jakin bategaz daukaguz buruan. Horregaitik jarri deutsagu proiektuari Gu ere bagara izena aldarrikatzeko persona nagusiak be badirala LGBTI+ komunidade horretakoak. Uste dogu gitxi egiten dala berba persona nagusien sexualidadeaz eta horri bueltea emon behar jako.
2.- Edadekoak, 65 urtetik gorako LGBTI+ personak topau eta euren jarrera eta ibilbidearen barri jasotea ez da lan erraza izango. Zelako prozesua aurreikusi dozue?
Hasita gagoz eta prozesua ez da bape erraza; bagenkian erronka potoloa izango zala edadekoen mundu horretan sartzea. Getxo uri handia da, edadeko asko bizi da hemen eta pentsau arren danetariko jentea biziko zala, ezustekoa izan da komunidade horretako jente gitxi eta berba egiteko prest dagoana topetea.
Normalean holako ikerketa edo proiekturik ez da egiten eta gu saiatuko gara kulturearen arlotik, arrakala txiki horretatik sartzen.
3.- Gure aitita-amamak gai honetaz berba egiten hastea sano gatxa begitantzen jaku. Ze estrategia erabiliko dozue holako jentea topau eta berbetan hasi daitezan? Zerotik hasi edo zeozertan oinarrituko zarie?
Maiatzean eta bagilean ibiliko gara eta ia lortzen doguzan lekukotasunak, ibili bagabiz eta garrantsitsuena ahoz ahokoa izango dalakoan gagoz; oraingoz testigantza bi ditugu eta hasi baino ez gara egin. Lehengo egunean batek kontau euskun orain dala 40 bat urte Algortan, gaur egun ez dagoan Gurea zinema-
aretoan mutil bi ikusi zituela alkarri musuka eta ingurukoak irainka hasi zirala. Holako istorioak oso garrantzitsuak dira guretzako, holakoak jasoten ez badoguz galdu egingo diralako. Gure herriaren memoriaren parte dira eta LGBTI+ komunidadeagaz loturea daben gorabeherak zabaltzea nahitaezkoa dala pentsetan dogu; gure asmoa ez da ikerketa lan sakona egitea baina holako datuak oso erabilgarriak dira, gure inguruko kulturearen bidez, aurrerago atonduko dogun erakusketearen bidez egingo dogulako aurrera.
4.- Maiatzean eta bagilean, edadeko personen lekukotasunak jasoko dozuez. Zuok biok ibiliko zarie ala laguntzinoa beharko dozue?
Ines Bermejo eta biok gabiz baina gure inguruko jentea hasi da euren zirkuluetan eta berbetan, proiektuaren gainekoak eta jorratzen eta Artaza-Romoko erretirautako irakasle bat ezagutzen dauen lagun bat arduratuko ei da hango gauzen gainean informazinoa jasoteaz. Oso eskertuta gagoz eta badakigu horreen inguruko jentea be hasi dala pausuak emoten. Romoko gazteakaz be hartu-emonetan gagoz eta euren artean be badabiz.
5.- Gitxi egiten da berba persona nagusien sexualidadeaz baina LGBTI+ jarrerea erakutsi dabenei buruz gauza gitxi dakigu. Oso oker ez bagagoz, jasotako istorioen aniztasuna erakustea be bada helburua...
Bai. Getxo uri handia da, auzo asko eta danetariko persona eta jarrerak dagoz eta hori guztia oso lagungarria izango da guretzako; errealidade guztiak eta sexu eta jarrera guztiak, sexualidadea askatasunez zein presino handiz bizi izan dabenak, normaltasunez eta naturaltasunez bizi ez dabenak jaso gura doguz. Jente askok esan deusku Getxoko bizilagun batzuk alde egin dabela Getxotik Bilbora euren sexualidade edo jarrerea askatasun handiagoagaz biziteko eta esperientzia horreek be interesetan jakuz.
6.- Ines Bermejo artistea, besteak beste, erropa, kultura jarduerak atontzen, erretratugile eta diseinuak sortzen dituana be zeugaz dabil. Zein izango da Ines Bermejoren ekarpena?
Kulturearen arloa izango da Inesek jorratuko dauena. Collage, erretratuen arteko konposizinoa da eta jasoten doguzan erretratu, dokumentu eta holakoakaz egingo dau, arte interbentzinoak tarteko dirala. Horrezaz gan, persona baikorra, alaia da eta proiekturako ezinbestekoa; zeuk esan dozu arlo askotan
dabilela, esperientzia handikoa da eta oso motibauta dago erakusketea atontzeko. Alde estetikoa, artea jorratuko dau, izan be, hau guztia arte proiektua da, Getxoko Udalaren sormen bekea jaso dauena; eta nik zer egingo dodan, kazetaria naz eta niri tokauko jat istoriak jaso eta idaztea.
7.- Udagoienean edo Gu ere bagara erakusketea zabaltzea aurreikusi dozue. Protagonisten jarrerea zelakoa izango ete da?
Ez dago jakiterik. Gure helburua da protagonismoa lekukoei emotea da, eurak diralako protagonista. Saiatuko gara lehen personan, euren esperientziak agertzeko borondatea erakustea; gogoan izan, persona horreei ikusgarritasuna emotea dala helburua, joaneko eta egungo egoerearen barri emotea; jentea eroso egotea gura dogu, behartu ez dogu inor behartuko eta erraza ez bada be, espero dogu jentea animetea baina egia da ez dakigula zer pasauko dan.
8.- LGTBI+ komunidadearen irudi bat, estereotipoa danok dogu buruan baina aldaketarik igarri dozue azken urteotan? Jentea bildur barik dabil, erosoago ala bildurra ez da desagertu?
Gizartearen arlo batzuetan sexualidadea, genero aniztasuna eta holakoak bildur gitxiagogaz jorratzen dira baina beste batzuetan jarrerak ez dira asko aldatu, LGTBI+ personen aurrean fobia eta gorroto jarrerak dagoz; oraintsu Getxoko aratusteetan eraso homofoboa egon zan eta Zornotzan eta beste herri batzuetan be bai. Edadekoen artean, zeharka baino ez bada be, badagoz homofobia kasuak eta horri bueltea emotea danon egitekoa da. Egun seinalatuak eta etorriko dira baina egunerokoan azaleratzen dira jarrera horreek.
9.- Kolektiboaren kontrako erasoak eta errazismoa ugaldu egin dira azken aldion eta horrek enbarazu egin leikizue zuon beharrean?
Akaso. Bateren batek bildurra edo lotsea sentidu leike geugaz berba egiteko, euren barruko gorabeherak zabaltzeko baina jarrera edegia izango da gurea eta espero dogu arazorik ez izatea.
10.- Getxoko Udalaren sormen bekeari esker etorri da Gu ere bagara...
Bai. Inesek eta biok bageunkan gogoa holako proiektu bati ekiteko, biok gabiz Zinegoak eta antzeko jaialdiotan eta sarritan pentsau izan dogu gure herrian, Getxon be LGBTI+ persona nagusiak be egongo dirala eta horreek ezagutzera emon beharko geunkezala, gure herriko memoria ez dogu ezagutzen eta giro horretan, Udalaren deialdia ikusi eta atoan egin genduan eskabidea. Bultzadatxu horri esker animau egin gara eta ia zerk urtetan dauen.
Azken gauzatxu bat nabarmendu gura deutsut, izan be, zeuok, komukabideotan egiten zabizien lana eskertzekoa da, zuon beharra ezinbestekoa da honeek kontuak zabaltzeko. Eskerrik asko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!