Euskerea sustatzeko akordioa, Espainiako Senaduaren eta Euskaltzaindiaren artean
2022-05-26 13:15 Euskerea berbagaiArgitalpen, itzulpen eta bestelako proiektuetan alkarlanean egingo dabe lan.
Espainiako Senaduak autonomia erkidegoetako berezko hizkuntzak eta kulturak bultzatzeko hartu dauen erabagiaren kontura, erakunde horretako presidente Ander Gilek harrerea egin deutso Euskaltzaindiko ordezkari Andres Urrutiari, bien arteko hitzarmena sinatzeko.
Akordio honen eta aurrerago beste erakunde kultural batzukaz sinatuko diran beste batzuen bitartez, Senaduak Espainiako hizkuntza guztientzako eremu komunak sortu nahi ditu, ondare linguistikoaren ezagutzea zabaldu eta kultur-aniztasuna errespetetako.
Hitzarmenak ez dakar betebehar ekonomikorik Senaduarentzat eta Euskaltzaindiarentzat. Euren artxibo, liburutegi eta funtsetako materiala alkarregaz konpartidutea errazagoa izango da aurrerantzean eta argitalpenak alkarregaz atontzea be adostu dabe. Lege eta erabagi esanguratsuak euskerara itzultzeko bultzadea emongo dau hitzarmenak, eta, beharrezkoa balitz, euskera egokia erabilteko aholkuak emongo deutsaz Euskaltzaindiak Senaduari.
Ander Gilek adierazo dauenez, hizkuntzak gure historiaren isla dira, eta herri bat batzen dauen adierazpiderik bizi eta ederrena. Espainiako Konstituzinoaren 3. artikuluak hizkuntza-aniztasuna babesteko agintzen dauela ekarri dau gogora Senaduko presidenteak.
Andres Urrutia euskaltzainburua be pozik agertu da hitzarmen barriagaz, erakunde biek aspalditik daben lankidetzan sakontzen dauelako: Espazio erkideak sortu nahi doguz euskerearentzat eta Espainiako Estaduan berba egiten diran beste hizkuntza batzuentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!